Hezkuntzako COVID-19aren aurkako protokoloa bertan bertan lagatzeko eskatzeko, sinadura bilketa hasi du OrioHezkuntzaHerrian taldeak

Aitziber Arzallus 2022ko mar. 16a, 11:38

Pandemiagatik hartutako neurriek umeengan ondorioak dituztela eta, horiek bertan behera uzteko eskatzen dute, indarrean egon diren eta dauden neurriek ikasleengan eragin dituzten ondorioak eta kalteak aztertzeko, eta erreparaziorako esku-hartzeak martxan jartzeko. Martxoaren 23ra bitartean egongo da sinadura emateko aukera oriohezkuntzaherrian@gmail.com helbidera idatzita.

Duela bi urte Orioko herritar talde batek OrioHezkuntzaHerrian taldea sortu zuen pandemiaren eta hari lotutako neurrien inguruan hausnartzeko, eta iritzi, sentipen eta bizipenak partekatzeko. Taldeko kideen esanetan, "urte aldrebesak izan dira pasa, pandemia eta neurriak direla-eta eskoletako (haur eskola, HH, LH, DBH, musika eskola…) egunerokoa eta egiteko moldeak hankaz gora jarri dira. Tentsio momentuak ere asko izan ditugu eta zetorrena ikusteko laino itxia parean". Orain, egoera lasaitu dela eta komunikazioa ere errazagoa izan daitekeela iritzita, uste dute beharrezkoa dela "gure haur eta gazteek bizitakoaren aurrean aitortza bat egitea".

Horiek horrela, sinadura bilketa bat jarri dute martxan, batez ere hezkuntza komunitateko langileei zuzendua, baina herritar guztiekin partekatu nahi dutena. Besteak beste honako baieztapenak eta eskaerak jasotzen dituen agiri bat plazaratu dute:

  • Pandemiagatik hartutako neurriek umeengan ondorioak dituztela.
  • Hori dela eta neurriak bertan behera uzteko.
  • Ikasleengan eragin diren ondorio eta kalteak aztertzeko.
  • Erreparaziorako esku-hartzeak martxan jartzeko.

Horrela, agiriak jasotzen duenarekin bat egiten duten Orioko eta Aiako hezkuntza komunitateko langileei beren babesa adierazteko eta agiria sinatzeko eskatu diete. Martxoaren 23ra arte dute horretarako aukera, oriohezkuntzaherrian@gmail.com helbidera mezua idatzita.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!