Hurrengo astean irekiko dute Aldundiko udalekuetan izena emateko epea

Elena Marguello 2022ko mar. 18a, 09:10

Hilaren 21etik 29a bitartean eman ahalko da izena Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiek antolatutako udalekuetan. Apirilaren 4an banatuko dituzte tokiak zozketa bidez.

Hilaren 21etik 29a bitartean eman ahalko da izena Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiek antolatutako udalekuetan. Internet bidez, Udako Programen Bulegoan edota kanpainan parte hartzen duten udal bulegoetan egin ahal izango da inskripzioa.

Udalekuetako tokiak apirilaren 4an zehaztuko dituzte jende eta notario aurrean egingo den zozketa bidez. Eskaera banaka nahiz gehienez hiru pertsonako taldetan egin daiteke, eta tokiak lortzeko aukera berdintasuna bermatzeko haur eta nerabe bakoitzak eskaera-orri bakarra aurkeztu ahalko du. Eskaera-orri bat baino gehiago agertuz gero, baliogabetu egingo da izen hori daraman eskaera.

Ahalik eta haur gehienek udalekuetan parte hartzeko aukera izan dezaten, tokiak esleitzerako orduan aurreko urteetan udalekuetan parte hartu ez dutenei emango zaie lehentasuna.

Tokia lortutakoen izen-ematea

Zozketaren emaitzak aipatutako bulegoetan jarriko dira erakusgai, eta tokia lortzen dutenek apirilaren 5etik 13a bitartean eman beharko dute izena. Behin betiko izena emateko epea bukatzen denean, zozketan tokia lortu duen norbaitek izenik ematen ez badu, horri uko egin zaiola ulertuko da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!