Egun osoko egitaraua prestatu du Sarek maiatzaren 7rako

Onintza Lete Arrieta 2022ko api. 19a, 10:00

(Argazkia: podoactiva.com)

Hiru mendi martxatan iritsiko dira hainbat herritar Oriora egun horretan: Villabonatik bat, Lasartetik beste bat, eta Zarautz aldetik bestea. Haur txikiekin egiteko laugarren aukera jarri dute antolatzaileek, Orion bertan Itxaspeko buelta egitea, alegia. Eguerdian euskal presoen eskubideen aldeko ekitaldia izango da plazan, eta ondoren bazkaria eta kontzertuak.

Maitzaren 7an hitzordu berezia da Orion, euskal presoen eskubideen alde egun osoko egitaraua antolatu duelako Sarek. Ez da herri mailako ekitaldia izango, zabalgoa baizik. Hala, hiru mendi martxatan etorriko dira herrira inguruko herrietako bizilagunak: Villabonatik aterako da martxa bat, eta Zizurkildik, Adunatik eta Andoaindik pasata, Andatza eta Santio aldetik iritsiko dira Orioko herrigunera.

Beste mendi martxa Lasarten abiatuko da, eta Usurbildik barrena, San Martinera heldu eta hortik herrigunera jaitsiko da.

Hirugarren martxa Zarauztik iritsiko da, baina hori non abiatuko den eta zer bide egingo duen zehazteko dago oraindik.

Antolatzaileek KARKARAri adierazi diotenez, haur txikiekin egiteko laugarren aukera bat izango dute herritarrek: Itxaspeko buelta egitea Orion bertan.

Mendi martxen ondoren, herriko plazan ekitaldia egingo du Sarek 13:30ean, eta ondoren herri bazkaria egongo da. Sarrerak laster jarriko dituzte salgai, baina aurreratu dutenez, helduen sarrerek 20 euro balioko dute, eta haurrenek, berriz, zortzi euro.

Arratsalde partean kontzertuak egongo dira, eta baita jokoak ere, haurrentzat. Eguna gerturatu ahala emango dute zehaztasun gehiago.