Norbere buruarentzat tartetxo bat

Aitziber Arzallus 2022ko mai. 1a, 09:30

Herriz herri zaintzaileentzat autozainketarako tailerrak ematen ditu Saioa Garmendiak, eta udalak eskatuta, Orion ere horretan ari da otsailaren bukaeratik. Hamabostean behin elkartzen dira Arraunetxen, eta KARKARA saio horietako batera bertaratu da Garmendiarekin eta parte hartzaileekin hitz egitera. Apirileko aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Arantxa Arrillaga. 44 urte ditu eta oriotarra da. Hiru bat urte daramatza zaharren egoitza batean lanean. Orain, etxean ere zaintzaile lanak egitea egokitu zaio. Garbiñe Ollo. 42 urte ditu, izatez hernaniarra da, baina Getarian bizi da urte askoan. Bere senarrak gaixotasun arraro bat du, eta ondorioz, mendekotasuna du. Ollo da haren zaintzailea. Inaxi Esnal. 75 urte ditu eta oriotarra da. Bizitza guztia etxekoak zaintzen pasatu du. 

Arrillagak, Ollok eta Esnalek ez zuten elkar ezagutzen duela gutxira arte. Orain, hamabostean behin Arraunetxen elkartzen dira, beste hainbatekin batera, Zaintzaileak zainduz izeneko laguntza eta autozainketa tailerretan. Saioa Garmendia (Astigarraga, 1979) da saio horien gidaria, eta Orioko Udala, antolatzailea. Garmendiak jo zuen udalera herrian ikastaroa emateko eskaintza egitera, eta udalari ideia "aparta" iruditu zitzaiola esan du Ander Lucas Gizarte Zerbitzuetako langileak. 

Zergatiak ere eman ditu Lucasek: "Geroz eta gizarte zaharkituagoa daukagu, eta mendekotasuna duten pertsonen zaintza ereduan hainbat aldaketa eman dira azkenaldian. Gizarte Zerbitzuen helburuetako bat da mendekotasuna duten pertsonen eta horien familien zaintza bermatzea, eta posible den heinean, zaintza hori beren etxebizitzetan gauzatzea, horretarako beharrezko baliabide guztiak jarrita. Gizarte Zerbitzuetan egiten diren lanen artean aurkitzen da zaintzaileei laguntza eskaintzea. Hori horrela, eta beste udalerri batzuetan egiten ari direna eredu hartuta, egoki ikusi genuen herrian horrelako tailer bat martxan jartzea". 

Esperientziadun gidaria

Garmendiak badaki zer den zaintza lanetan aritzea, 25 urtean aritu baita horretan. Gaur egun, berriz, zaintzaileei autozainketa tailerrak ematen dizkie, eta Gipuzkoako hainbat herritan ditu taldeak. 

Azkenetan zeuden gaixoen zaintzaileen beharrei buruzko tesina egin zuen Garmendiak, eta ikusi zuen zaintzaileek beren burua aparkatu egiten dutela askotan: lagunekin ateratzeari uzten diote, lana ere bai batzuek, norbere familia, bizitza soziala, zaletasunak… "Azkenean, gaixo ezkutuak bihurtzen dira". Horregatik, eta era guztietako zaintzaileei zuzenduta han eta hemen martxan dauden laguntzak aztertu ostean, tailer hauek prestatzea erabaki zuen, "zaintzaileei emateko egunerokoan beren burua zaintzeko baliagarri izan dakizkiekeen tresnak, beren antzeko egoeran dauden beste zaintzaile batzuekin konfiantzazko giroan eta atseden hartzeko aukera izango duten gune batean". 

Puntu honetara iritsita, gauza bat argi utzi nahi izan du Garmendiak: "Zaintzaileak esaten dugunean, hirugarren adinekoen zaintzaileak etortzen zaizkigu burura, baina badira beste mota batzuetakoak ere: mendekotasuna duten hirugarren adinekoen zaintzaileak; etxeetan zaintzaile daudenak, asko eta asko atzerritarrak; mendekotasuna duten umeen zaintzaileak; mendekotasuna duten gazteen zaintzaileak... Tailer hauek zaintzaile guztientzat dira, ez soilik hirugarren adinekoen zaintzaileentzat". 

Garmendiak azaldu duenez, zaintzaileak jabetzen dira beraiek ere zainduak izatea behar dutela, "baina kostatu egiten zaie zainketa lanak utzi eta beraientzat denbora hartzea". Denbora hori hartu egin behar da, ordea. "Nik beti esaten dut egunak 24 ordu dituela, eta, jarraian ez bada ere, horietatik bat gutxienez gure gustuko zerbait egiteko hartu behar dugula, jakinda gure gustuko zerbaitetan ari garela".

Saio dinamikoak izaten dira Garmendiarenak. "Beti hasten gara erlaxazio ariketa batekin, musika pixka bat jarri eta arnasketa ariketak eginez. Ondoren, horrelako egoera batean egonez gero baliagarriak izan daitezkeen ezagutzak lantzen ditugu, baina ez ditut ematen zaintzen ikasteko prestakuntza saioak: autozainketa tailerrak dira, hau da, geure burua zaintzen ikasteko tailerrak". Ikastaroak urte guztia irauten du, bi astean behin elkartzen dira, bi orduz, eta denboraren %80 autozainketako dinamikei eskaintzen dietela azaldu du. "Batetik, dinamikak eta jokoak egiten ditugu barruan ditugun korapiloak askatzeko; eta bestetik, estresa kudeatzeko tresnak irakasten dizkiet: giharrak erlaxatzeko ariketak, autokontrolerako teknikak, mindfullnessa…". Garmendiak garbi du: "Ikasi egin behar dugu geure burua zaintzen; egunero egin beharreko zerbait da. Nik teknika batzuk ematen ditut, eta helburua izaten da tailerretara datozenek teknika horiek aplikatzea beren eguneroko bizitzan".  

Hitz egin ere asko egiten dute, batez ere zaintzaileek izaten dituzten ohiko kezken inguruan. "Heriotza izaten da asko ateratzen den gai bat, eta erru sentsazioa ere askotan aipatzen dute. Agian, ama zaintzea tokatzen zaizu, baina ez duzu harreman ona izan harekin, edo maite duzun norbait zaintzen ari zara, baina nekatu ere egiten zara, haserretu… Errazagoa da halako gauzei buruz zure antzeko egoeran daudenekin hitz egitea. Zaintzaileei, gainera, askotan gauza bat gertatzen zaie: bizitza sozial guztia alde batera uzten dute, baina gero, pertsona hori ez dagoenean, beren bizitzari berriro heldu behar izaten diote, eta konplikatua izaten da". 

Garmendiaren esanetan, tailerretan parte hartzen dutenek oso errealitate desberdinak bizi dituzte; ondorioz, denen beharrak ere ez dira berberak. "Azkenean, taldeak berak markatzen du zer bide jarraitu edo zer landu. Elkarren artean ere informazio asko partekatzen dute, eta hori ere oso aberasgarria izaten da".

Harrera "oso ona"

Lucasek nabarmendu duenez, harrera "oso ona" eduki du deialdiak, eta hasieran taldeak txikiagoa izan behar zuen arren, azkenean hamabost pertsonara arte zabaltzea erabaki dute, eskari handia egon delako. "Hala ere, jendea itxaron zerrendan geratu da. Beraz, ikusten da jendeak badituela gaiaren inguruan interesa eta laguntza jasotzeko nahia eta beharra".

Norbere burua zaintzen ikasi nahi duten hamabost lagun elkartzen dira saioetan, baina ikastaroan izena ematera bultzatu dituen arrazoi diferenteak ditu horietako bakoitzak. Arrillagak kontatu du, bere lanbidea dela eta, denbora zeramala zaintzaileak zaintzearen kontua entzuten, eta ikusi zuenean herrian horri buruzko ikastaro bat antolatu zutela, erabaki zuela aurkezpen saiora joatea. "Gustatu egin zitzaidan Saioak nola planteatu zuen, eta izena ematea erabaki nuen. Ikusi nuen ez zela oso ikastaro teorikoa eta hori gustatu zitzaidan gehiena. Oraindik saio gutxi egin ditugu eta denborarekin joango gara gauzak argiago ikusten, baina itxura hartu nion talde terapia gisako zerbait izango zela. Elkartuko ginela zaintzaileak bakoitza bere errealitatearekin eta geuretzako hartuko genuen momentu bat izango zela hau, geuk barruan ditugun dudak eta korapiloak askatzeko, eta besteek kontatzen dutenetik ikasteko".

Ollok, bere senarraren egoera dela eta, ikastaro gehiago ere egin izan ditu. Oraingo honetan, Garmendiak berak eman zion Orion egitekoak ziren tailerren berri, laguna duelako. "Bazekien mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko eta dirulaguntza kobratu ahal izateko ikastaroak egiten nenbilela, nahiz eta laguntza hori ukatu egiten diguten, ez naizelako hirugarren adineko pertsona baten zaintzailea eta ez naizelako beraien profilean sartzen. Baina ni ere zaintzailea naiz, eta horregatik egin zidan kasu Saioak. Izena ematea erabaki nuen, horrelako saioak norberarentzat beti etortzen direlako ondo. Egia esan, adin eta profil oso desberdinetako jendea elkartu gara, baina talde giro atsegina sortu da eta oso ondo moldatzen ari gara". Garmendiak ematen dituen tailerrek hori dute bereizgarri, saioetan askotariko adin eta profilak dituzten zaintzaileek parte hartzen dutela, eta ez dela formakuntza ikastaro bat, norbere burua zaintzen ikasteko tailerrak baizik. 

Esnalek, berriz, bere burua zaintzen ikasi nahi duelako erabaki zuen izena ematea. "Esan ziguten ikastaro bat antolatu zutela norbere burua zaintzen ikasteko, eta pentsatu nuen badela garaia neuretzako denbora hartzeko, beti besteak zaintzen aritu izan gara eta. Momentuz, oso gustura nabil, akordatzerako pasatzen zait denbora, eta ikasten ere ari gara: arnasketak egin behar ditugula, geure buruarekin lasai egon behar dugula, ikasi behar dugula datorrena datorren bezala onartzen, baina baita sentitzen duguna adierazten ere... Saioak esaten diguna da inportanteena dela geu geure buruarekin ondo egotea, horrela gainerakoekin hobeto egongo garelako". 

Orioko Udalak baditu beste zerbitzu batzuk ere mendekotasuna dutenen familiartekoei zuzenduta: formakuntza saioak, laguntza psikologia, laguntza taldeak eta abar. Norbaitek zerbitzu horien inguruko informazioa beharko balu edo zerbitzu horiez baliatu nahiko balu, Gizarte Zerbitzuetara jo besterik ez du, gizarte langilearekin hitzordua eskatuta.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!