Izeta VI.a eta Gorka Etxeberria garaile, Gizonezkoen Binakako III. Euskal Pentatloi finalean

Mireia Galarza Bastida 2022ko eka. 12a, 16:20
Andoni Iruretagoiena eta Gorka Etxeberria. (Tolosaldeko Ataria)

39 minutu eta 44 segundutan amaitu dituzte lanak, eta aurreko urteko marka ere haustea lortu dute. Izetaren kasuan, pentatloiko modalitate honetako hirugarren txapela da. 

Gaur jokatu dute Tolosako zezen plazan Gizonezkoen Binakako III. Euskal Pentatloi finala, eta 39 minutu eta 44 segundoko denbora eginda, txapela jaztea lortu dute Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarrak eta Gorka Etxeberria oriotarrak. 

Marka ere haustea lortu du bikoteak, hain zuzen, Izeta VI.ak berak aurreko urtean osabarekin ezarri zuena (40 minutu eta 24 segundu). Izetaren kasuan, pentatloiko modalitate honetako hirugarren txapela da. 

Bigarren sailkatu dira Zaldua eta Otaegi; hirugarren Amade eta Irazabal, eta azken egin dute Mugertza III.ak eta Kañamares III.ak. Orotara, 40 jasoaldi eman dizkiete harriari, lau plaza egin dituzte giza proban, aizkoran lau kanaerdiko moztu behar izan dituzte, txingekin 8 plaza egin eta, azkenik, korrika lau kilometro. 

(Argazkia: Tolosaldeko Ataria)

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!