Lur Errekondo nagusitu da Emakumezkoen Lau Arroa Harrijasotze Txapelketako finalean

Onintza Lete Arrieta 2022ko uzt. 4a, 10:23

San Pedro auzoan jokatu zen harri jasotze lehia atzo, eta Udane Ostolaza eta Aroa Sanchez oriotarrek hartu zuten parte Errekondorekin eta Lierni Osarekin batera. Hirugarren eta laugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren, 70 eta 69 altxaldi eginda.

Giro polita sortu zen atzo, igandea, Aiako San Pedro auzoan, Emakumezkoen Lau Arroa Harrijasotze Txapelketaren finalaren harira. Lau harri jasotzaile aritu ziren nor baino nor zilindroarekin, bolarekin eta kubikoarekin lehian, eta garaipena Lur Errekondok eskuratu zuen, denera 86 altxaldi osatuta. Kubikoarekin eta bolarekin nagusi izan zen. Zilindroan, berriz, Lierni Osak hartu zion aurre.

Bi horiekin lehian aritu ziren Udane Ostolaza eta Aroa Sanchez oriotarrak, eta lan ederra egin zuten laurek ere. Errekondoren atzetik sailkatu zen Osa 79 altxaldirekin, Ostolazak 70 altxaldi osatu zituen guztira, eta altxaldi bat gutxiagorekin, laugarren izan zen Sanchez.

Zilindroarekin ibili ziren gertuen lau lehiakideak: Ostolazak 30 aldiz altxatu zuen, Sanchezek 31 aldiz, Errekondok 32 aldiz eta Osak, berriz, 33 aldiz. Kubikoarekin ere antzeratsu: Ostolazak eta Sanchezek 17na altxaldi, Osak 16 eta Errekondok, berriz, 19 eman zizkioten.

Alde nabarmenena bolarekin egon zen: Sanchezek 21 bider jaso zuen, Ostolazak 23 bider, Osak 30 bider, eta Errekondok, berriz, 35 bider.

Argazkiak: Ibon Errazu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!