PAPEREKOA

Odolekoak odola behar dutenei lagunduz

Onintza Lete Arrieta 2022ko abe. 3a, 11:22
Orioko odol emaileen arduradunak: Juan Jose Oliden, Maria Cristina Atorrasagasti eta Karmele Oliden senar-emazteak eta alaba.

Maria Cristina Atorrasagasti omenduko dute San Nikolas jaietan. Berak botako du festei hasiera emango dien txupina, 50 urtez Odol Emaile Elkarteko Orioko arduraduna izan delako, Juan Jose Oliden senarrarekin batera. Azaroko aldizkarian erreportajea argitaratu zuen KARKARAk, Odol Emaileen Elkarteko Aiako eta Orioko arduradunekin hitz eginda.

Hogei minutuko tartean, ozta-ozta ikusiko duzu gustuko telesail horren kapitulu bat; lauzpabost abesti entzuteko denbora emango dizu; kafe bat hartzeko astia ere bai, etxe ondoko kafetegian. Hogei minutuan gauza txiki asko egin daitezke, baina baita ekintza handi batzuk ere: bizitza bat salbatzen lagun dezakezu, esaterako. Ez da, izan ere, denbora gehiago behar odola emateko odol emaileen elkarteek antolatzen dituzten saioetan. Ondo dakite hori Orioko eta Aiako arduradunek.

Maria Cristina Atorrasagastik, esaterako, ez du ikaragarri odol pila eman, baina urtean 80 minutu baino askoz gehiago eskaini dizkio odol emaileen elkarteari, berak izan baitu Orioko taldearem ardura 50 urtez. Juan Jose Oliden senarra izan du alboan zeregin horretan hasieratik, eta laster Karmele alabak hartuko die lekukoa. Poza eta patxada ematen die horrek. 

Aiako arduradunek ere hiru hamarkada daramatzate odol emaile elkarteari lagunduz, eta horiek ere senar-emazte dira: Pilar Mintegi eta Fermin Zuloaga. Eta, haiek ere, Tamara alaba dute laguntzaile. Haiek, ordea, lekukoa hartuko dien norbaiten bila dabiltza, eta hala jakinarazi diete herritarrei urriko odol ateraketa jakinarazteko bidalitako abisuan. Norbait animatuko balitz, haiekin harremanetan jartzea besterik ez luke edo, bestela, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartera deitzea. "Gu hasi aurretik, ardura herriko medikuak eta praktikanteak zuten, eta haiek pasatu ziguten testigua. Pilarrek anbulatorioa garbitzen zuen, eta hari eskatu zioten ardura hartzeko", gogoratu du Zuloagak.

Goiko irudian, Fermin eta Tamara Zuloaga aita-alabak, Aiako odol emaileen arduradunak.

Aian joan den astean egin zuten urteko azken odol ateraldia, urriaren 24an, eta aita-alabak fin-fin aritu ziren mokadua prestatzen nahiz bestelako lanak egiten Lardizabal eskolan. Ateak zabaldu zituztenerako, han ziren aurreneko herritarrak odola emateko prest, tartean baita beteranoak ere, 67. aldiz odola eman duen Juanjo Polo Aiako bizilaguna kasu. Urtean hiru ateraldi izaten dira Aian –otsailean, ekainean eta urrian– eta lau, berriz, Orion –martxoan, ekainean, irailean eta abenduan–. Hain justu, abenduaren 1ean dute aurtengo azken hitzordua Orion. Anbulatorioko beheko solairuan ateratzen dute odola, eta mokadutxoa egiteko mahaia ere han jartzen dute. Une hori du gogokoen Oliden aitak, batekin eta bestearekin berriketan aritzeko. Horri lotuta, alabak esan du gurasoei utziko diela beste herrietako delegazioekin harremanetan segitzen, "beren kuadrillatxoa baitute han". Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak bazkaria antolatzen du urtero, eta gustura joaten dira lagun artera. "Ahal duten artean eutsi diezaiotela horri", gaineratu du. Izan ere, anbulatorioko horma hotzen artean, herritarren epeltasuna ere sentitu dute urte hauetan guztietan. "Tertulia ederrak izan ditugu", gogoratu dute senar-emazteek. 2020ko martxoan iritsi zen COVID-19ak eta pandemiak zapuztu egin zuten giro hura, baina berriz berreskuratzea espero dute. "Tristea izan da", esan du Olidenek. Anbulatorio kanpoan itxaron, banaka-banaka sartu maskara soinean dutela, Donostiatik ekarritako otartekoa jan, eta inorekin egon gabe, etxera. "Espero dugu urtarriletik aurrera berriz geu hastea mokadua ematen", gaineratu du Atorrasagastik. Aian berreskuratu dute ohitura, eta aurreko astean normal jarri zituzten jan-edanak Zuloaga aita-alabek. 

Aldaketak gizartean eta odol emaileetan

Atorrasagastik eta Olidenek herriko elkartearen sorreran parte hartu zuten duela 50 urte, eta denborarekin gauzak majo aldatu direla nabarmendu dute. Garai batean, odola ematen zuten herritarrentzat eskutitzak prestatu eta horiek banan-banan partitzen zituzten etxeetara, fitxak betetzen zituzten eta abar. Orain, zuzenean elkartekoek abisatzen diete odol emaileei, eta odolean zerbait atzeman badute ere, odola eman duenari deitzen diote zuzenean. "Lehen guri esaten ziguten, guk halakori esateko ezin zuela odola eman. Inoiz ez ziguten esaten arrazoia zer zen, baina hala ere, guk uste dugu ez geneukala zertan jakinik, eta eskatu genien hori beraiek esateko", azaldu du Olidenek. Aurreneko urteetan finantziazio bila ere aritu behar izaten zutela kontatu dute. "Orain, udalak laguntzen du diruz. Lehen, geure patrikatik egiten genuen dena, eta gero, elkartearen baimenarekin, pegatinak partitzen ibiltzen ginen sos batzuk ateratzeko".

Istorio latzak ere bizitakoak dira. "Aspaldi, jaioberri batek behar izan zuen odola, eta Oriotik Bilboraino joan ginen besotik besora emateko. Aurrena lauzpabost joan ginen, taxian, eta ondoren, haurra operatzeko unean bertan ere odola ematea behar zuten, eta herriko taxilaria bera joan zen odola ematera. Umea hil egin zen, hala ere". Gaur egun odola gordeta edukitzen dute. Lehen, ordea, larrialdiak zeudenean elkartekoek herrietakoei deitzen zieten odola ematera berehala joan zitezen. 

Aurreko hamarkadetako garai ilunez ere mintzatu dira senar-emazteak. Heroina eta HIESa gizartera iritsi ziren garaiez, hain zuzen. "Beldurra izaten zen, bai odola emateko, bai odola jasotzeko. Segurtasun neurriak beti izan dira zorrotzak, baina gertatu ziren istripuak ere", gogoratu dute. "Batzuk odola ematera joaten ziren jakiteko ea gaixotasunen bat zuten ala ez. Orion, behintzat, ez zioten inori detektatu", azaldu du Atorrasagastik. "Gipuzkoa mailan, ordea, badakigu baietz", esan du Olidenek. "Inoizko kontrol handiena dago gaur egun odol emaileen elkartean. Ikusita daukagu odola non edukitzen duten eta zer prozesu egiten den, eta harrigarria da. Hala behar da, gainera, kasu gogorrak gertatu direlako".

Aldaketa nabarmeneneak azken hamabost urteetan izan direla esan dute senar-emazteek, batez ere aurrerapen teknologikoei esker. Alabak ere horixe uste du, txikitatik ikusi izan baitu etxean gurasoek egiten zuten lana. Lekuko aldaketari dagokionez, lasai dago. "Badakit gurasoak oraindik hor egongo direla, eta beraz, lasai nago. Pixkanaka ikasiz joango naiz. Lehengo aldean lan arina da, gainera. Txikitatik laguntzen diet, eta ikusten nuen zer lan izaten zen: norbaiten fitxa atera, ea odola eman zuen begiratu, eta ziurtatu bat al zetozen fitxako eta hango zenbakia... Orain kontrol guztia elkarteak eramaten du". 

Oroitzapen eta momentu onak

Bestalde, urte hauetan esker oneko hitzak ere jaso izan dituzte gizartearen alde egiten duten lanagatik. Esaterako, momentu batean odola behar izan zuen familia batek eskertu zien beren lana, "eta gero, beraiek bihurtu ziren odol emaile", gogoratu dute. 

Senar-emazteak odol-emaileen giroan bizitako momentu politekin gelditzen dira: "Tipo bat bazen, odola ateratzen zuen bakoitzean mareatu itxura egiten zuena. Denok joaten gintzaizkion laguntzera, eta orduan esaten zigun txantxa zela. Behin, benetan gertatu zitzaion, eta guk sinetsi ez!", esan du barrez Olidenek. Senarrari istorio hori entzunda, beste batez akordatu da Atorrasagasti: "Gutxienez 50 kilo pisatu behar izaten dira odola eman ahal izateko, eta herritar bat ez zenez horretara iristen, badakizu zer egin zuen? Bada, harriak sartu zituen patrikan pixka bat gehiago pisatzeko. Baina hala ere ez zen iritsi. Haren pena! Gutxi falta zitzaion iristeko, eta anemiarik ez zuenez eta tentsioa ondo zeukanez, azkenean atera egin zioten odola". 

Atorrasagastik, irribarrea ezpainetan, kontatu du badela hitzordura beti agertzen den kuadrilla bat. "Gazte talde bat beti ordu berean joaten da odola ematera; lagunak dira, eta ederra armatzen da. Oso-oso polita da, eta pozik egotekoa da hainbeste gazte azaltzen delako". Momentu onean hartuko dute erretiroa, beraz, oriotarrek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!