Buru eritasunak

"Nire helburua nahasmen bipolarrarekin kalitatezko bizitza edukitzea da, eta psikologiako tresnak ezagutzeak asko lagundu dit horretan"

Eritasun mentalekin lotuta, Mireia Galarza Bastida kazetariak Nerea Astigarraga Azpeitiko bizilagunari egindako elkarrizketa da honakoa.

"2011n diagnostikatu zidaten nahasmen bipolarra, brote psikotiko bat izan eta gero. Bartzelonan ari nintzen ikasten, eta ahotsak entzuten hasteaz gain, asko izerditzen hasi nintzen. Koloreak gaizki ikusten nituen, eta inguruko karteletako hizkiak ere ez nituen ondo irakurtzen. Etxera itzultzen saiatu nintzen, baina itzulerako txartela erosteko gai izan nintzen arren, tiketaren letrak eta autobusa zegoen nasakoak ez zetozten bat. Haluzinatzen ari nintzen. Medikuarenera joatean, Bartzelonako ospitale psikiatrikoan ingresatu ninduten, eta handik Donostiara lekualdatu ninduten. Estres handiko bizitza neraman, eta horrek eragina izan zuela iruditzen zait.

Ez zen, ordea, jasan nuen lehen brote psikotikoa izan. 21 urterekin izan nuen lehenengoa, Londresen bizi nintzela, eta harrezkero, beste hiru izan nituen. Droga munduarekin ere ibili nintzen gaztetan jolasean, eta horrek ere eragina izan zuelakoan nago; beraz, jendeari kontu horrekin kontuz ibiltzeko esan nahi diot. Isilpean egon zen urte luzez gaixotasuna, eta nik nahiz nire familiak ez genuen uste nik neukana nahasmen bipolarra izan zitekeenik. Egia da hainbat depresio koadro izan nituela aurretik, eta sentsibilitate handiko pertsona izan naizela beti, baina horrelako zerbait ez zen gure ideietan sartzen. Diagnostikoa jaso ondoren, tratamendu farmatologikoa proposatu zidan Osakidetzak, besteak beste, esku hartze psikosozialeko talde terapiarekin eta medikazioarekin: antidepresiboak, antipsikotikoak, litioa eta ansiolitikoak. Probatu egin nuen, baina ez nuen sentitzen nirekin bat zetorrenik gaixotasuna kontrolpean edukitzeko modu hori, eta uztea erabaki nuen.

Beste bide bat hartu nuen, eta Psikologiako gradua ikasten hasi nintzen. Nire helburua kalitatezko bizitza bat edukitzea da, eta psikologiako tresnak ezagutzeak asko lagundu dit horretan. Nire burua hobeto ezagutzen ikasi dut, baita gaixotasuna bera ere. Asko lagundu dit, aldi berean, bizitza estilo konkretu bat izateak. Adibidez, bakarrik egoten edo nire bizitza estilora egokitzen ez diren gauzei ezetz esaten ikasi dut. Eta oso pertsona sistemikoa banaiz ere, sortzailetzat era hartzen dut nire burua. Adibidez, Azpeitiko Julian Barrenetxea abesbatzako kidea naiz, Arte Eskolara ere joaten naiz, baita antzerkira ere, eta hori ere oso lagungarria izan da niretzat. Pianoa ere jotzen dut, eta asko lasaitzen nau horrek.

Oreka bilatzea lortu nuen bide horretan, baina Psikologiako gradua amaitu nuenean berriro hasi nintzen ahotsak entzuten, eta Osakidetzako psikiatrarekin hala adostuta, medikazio dosi oso txikia hartzen dut gaur egun, ahots horiek kontrolatzeko. Garai horretan sentitu nuen nire bizipenak paperean islatzeko beharra, eta nire esperientzia kontatzeko liburu bat idaztea erabaki nuen: Resetea tu vida. Cómo descubrí un nuevo estilo de vida tras ser diagnosticada de trastorno bipolar. Gainera, psikologoa izanda, nire helburua besteei laguntzea ere bada. Asko betetzen nau egin dudan bidean beste batzuei laguntzeak, bizitzari zentzua bilatzen laguntzen didalako. Azken finean, musikan bezala, ezin dugu pentsatu bizitza honetan denak kortxeak edo isiluneak garenik, semifusak, txuriak edo beltzak ere behar dira, oreka eder bat sor dezagun".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!