Enpresen iraunkortasunari buruzko hainbat formakuntza saio eskainiko ditu UKUEk

Mireia Galarza Bastida 2023ko ira. 4a, 10:00

Irailean eta urrian izango dira hiru saioak, eta kudeaketa estrategikoa, pertsonen partaidetza eta jabego aldaketa izango dituzte hizpide. 

"Epe ertain zein luzera eskualdeko enpresen iraunkortasuna, lehiakortasuna eta garapena bermatzeko helburuarekin", Urola Kostako Udal Elkarteak hainbat formakuntza tailer antolatu ditu irailean eta azaroan. Hiru saio izango dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak finantzatuko ditu horiek, Eskualdeak 2022 programaren baitan.

Tailer horiek kudeaketa estrategikoa, pertsonen partaidetza eta jabego aldaketa izango dituzte hizpide eta lehenengoa irailaren 20an izango da. Bertan, enpresa baten kudeaketa estrategikoa landuko dute, eta Eider Amenabar eta Marina Etxeberria enpresa estrategiako aholkulariak izango dira irakasle. 9:30ean hasi eta 11:30ean amaituko da saioa, eta besteak beste, enpresa inguruneen aldakortasuna ulertu, kudeaketa eredu berrien garrantzia ezagutu eta aplika daitezkeen tresna nagusien berri izango dute bertan. 

Bigarren saioa irailaren 27an izango da, eta bertan enpresetako pertsonen talentuaren kudeaketaren garrantzia landuko dute. Rokso Zanyk pertsonen aholkularitza arloko ieTeam Gipuzkoako arduradunak eskainiko du saioa, eta hori ere 9:30etatik 11:30etara izango da. Saio horretan, "parte hartzaileek konpromiso eta ahalduntze kultura bat sortzen, eta erronkei aurre egiteko eta etengabe aldatzen ari den enpresa munduan helburuak lortzeko enplegatuak aliatu estrategiko nola bihurtu" ikasiko dute. 

Azken tailerrean negozioetako jabetza aldaketa izango da abiapuntua, eta urriaren 4ean eskainiko dute. Aurreko saioen ordu eta leku berean izango da azkenenegoa ere, eta saioaren helburua izango da "jabetza aldaketa motak ulertu, trantsizio arrakastatsu baterako funtsezko faktoreak identifikatu eta enpresaren finantza ebaluazioa eta balorazio egokia egiten ikastea".

Tailerretan parte hartzeko beharrezkoa izango da izena ematea, eta hori UKUEko webgunean egin ahal izango dute intersa dutenek. Hemen izango dute informazio gehiago. Edozein zalantza dutenek, 943-89 08 08 telefonora deitu beharko dute. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!