Merkataritza eta zerbitzu sektoreetako profesionalei zuzendutako hirugarren ikastaro bat antolatu du UKUEk

Andrea Zipitria 2023ko ira. 25a, 15:00
Udal Elkarteko ikastaro baten artxiboko irudia.

TikTok bideo, Reels eta sare sozialetako azken nobedadeak izeneko ikastaroa ere eskainiko dute. Dagoeneko eman daiteke izena. 

Urola Kostako Udal Elkarteak irailaren hasieran merkataritza eta zerbitzuen sektoreetako profesionalentzat antolatutako bi ikastaroen berri eman zuen. Bada, bertatik adierazi dutenez, hirugarren ikastaro bat gehitu zaio eskaintza horri, azken hau ere digitalizazioari eta iraunkortasunari lotuta: TikTok bideo, Reels eta sare sozialetako azken nobedadeak deiturikoa.

Ikastaroaren helburua da negozio eta saltokietarako sare sozial berriak eta hauek eskaintzen dituzten aukera desberdinak egoki kudeatzen ikastea. Hori horrela, ikastaroaren bitartez "TikTok zuzen erabiltzen, salmentarako erakargarriak diren bideo laburrak egiten edota Instagramerako reelsak sortzen ikasiko dute parte hartzaileek, baita negozioen sare sozialen edukia berritzen, mugikorretik bideoak editatzen eta bideoetarako ideia praktikoak sortzen ere", azaldu dute UKUEtik.

Hirugarren ikastaro hau 14 ordukoa izango da eta azaroaren 14an hasi eta abenduaren 5a bitarte luzatuko da. Guztira zazpi saio eskainiko dira, astearte eta ostegunetan, 14:00-16:00 bitartean, Udal Elkarteko egoitzan. Arkaitz Sukuntzak gidatuko du ikastaroa, eta gaztelaniaz izango da. Jada eman daiteke izena, enpresa@urolakosta.eus helbidera IFZ, enpresaren izena, harremanetarako pertsona, helbide elektronikoa eta telefonoa bidalita. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!