Azalari aurpegia jarri dio ‘Artxipelagoa’-k

Gorka Eizagirre-Andrea Zipitria 2023ko urr. 5a, 13:00

Martin eta Xabier Etxeberria anaia idazleek Artxipelagoa podcasta komiki bihurtu dute. "Prozesu zaila" izan bada ere, asko du kontatzeko Aiako plazan sortutako ideiak. Lanaren nondik norakoak aletu dituzte

"Zer gertatuko litzateke itsasoaren maila 500 metro igoko balitz?". Galdera hori plazaratu zien Oier Aranzabalek Etxeberria idazle anaia zarauztarrei duela urte batzuk, Aiako plazan elkartuta ziren batean. Aiako plazatik ateratako ideia horri bueltaka hasi ziren orduan; "fikziozko telesail bat egin nahi genuen", azaldu du Xabier Etxeberriak. Bada, 2020an ondu zuten proiektua, eta Etxeberria anaiek eta Oier Aranzabalek Artxipelagoa podcasta sortu zuten, EITBren enkarguz.

"Zorionez arrakasta izan zuen", dio Martin Etxeberriak. Hirugarren denboraldia ari dira ehuntzen orain. Tartean, webgunerako komikia sortzeko ere eskatu zieten; ekainean atera zuten hori argitara. Orain, berriz, podcastean entzundako pertsonaia horiei aurpegia jarri diete. Komiki horren paperezko formatua aurkeztu dute Elkar argitaletxearen eskutik.

Mundu distopikoa

Hain zuzen ere, podcasteko hiru denboraldi horietatik lehena izan da komikirako moldatu dutena. Erantzunarekin "pozik" daudela ziurtatu duten arren, ez dela izan "prozesu erraza" diote, berrehun orrialde inguruko gidoia duen podcast bat 80 orrialdeko komiki batera mugatu behar izan baitute; hogei orrialdeko lau atal ditu komikiak. "Espainiako Estatuan ez dut ezagutzen hori egin duenik. Komiki bat egiten duzunean, hutsetik hasten zara, eta kasu honetan, berrehun orrialdeko gidoia genuen", argitu du Martinek. 

Baina zer da zailagoa, gidoi batetik komiki bat egitea edo paper hutsetik sortzea? Etxeberria anaiek argi dute: "Zailagoa da eginda dagoen zerbait moldatu behar izatea". Eta, trantsizio horretan, istorioa zerbait aldatu al da? "Istorioa aldatu baino, erritmoa aldatu dugu, eta gauza batzuk laburtu egin ditugu. Podcasteko lehenengo atalean, adibidez, zer gertatu zen azaltzen da; nola etorri ziren hiru olatu eta dena urpean geratu zen. Hori guztia paperean ia orrialde batean kontatu behar izan dugu. Baina, bestela, nik uste podcasta entzun eta komikia irakurri duenak, istorioari dagokionez, ez duela aldaketa handirik sumatuko", adierazi du Xabierrek. Ñabardura bat gehitu dio horri Martinek: "Beharbada, aldaketa handiena protagonistaren ahotsean nabarmentzen da. Jare da Artxipelagoa-ko protagonista, eta horri ahotsa Aitziber Garmendiak jartzen dio podcastean. Pertsonaia gazte bezala aurkezten dugu, baina komikian gaztetxoa da. Beraz, pertsonaia protagonisten adin jaitsiera hori da aldaketa nagusia".

Aldaketa, beharbada, lehen liburu horretan ez dela gehiegi nabarmenduko uste dute bi idazleek. "Baina bigarren eta hirugarren komikiak egiten baditugu, aldaketa handiagoa izan daiteke", azaldu dute. Dena den, "adin mugarik" ez jartzearen aldekoak dira Etxeberria anaiak, arrazoituz "arriskua" izaten duela horrek. "Komiki hau esango genuke LH4-5etik gorako herritarrentzat dagoela egina. Baina langa bat jartzea ez zaigu gustatzen; behetik agian jar dezakegu, baina goitik ez hainbeste. Enkarguz, ordea, nerabeentzako sortua da, eta horretan jarri dugu fokua". 

Bi esku eta bi anaia

Bi eskutara eta bi anaien artean sortu dute komikia. Ez da elkarrekin lan egiten duten lehen aldia, ordea; izan ere, euskal literatur eta komiki munduan eskutik joan dira askotan. "Literatura egiten dugunean, zailagoa da elkarrekin lan egitea, baina gidoilari gisa errazagoa egiten zaigu", aitortu dute. Modu horretara, "umiltasunetik" ere ikasten dela iritzi diote, "ideiak kontrastatzeko". 

Bestalde, bidelagun "paregabeak" izan dituztela ere jakinarazi dute: "Komiki batean, gidoilaria da aita, eta marrazkilaria ama. Benetako lana egin dutenak dira Alex Sanvi eta Sergio Roman Sedyas marrazkilariak", borobildu dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!