Unai Manterola: "Gauzarik politenak dituk unerik zailenetan familiakoek eman dizkidaten besarkadak"

Jon Agirresarobe 2023ko urr. 22a, 14:00

Unai Manterola. (Arnaitz Rubio)

Aldapa elkartean izan da bi lagunen arteko zita, Unairen lantokitik bertan. Apaizarekin bazkaltzearen abantailak, herritar batek oparitutako arraina jan dugu. Txukun prestatu du; pixkanaka ari da ikasten. Kafearekin hasi gara galdezka; Unaik soberan ditu karakterra eta karaktereak. 

San Pedro egunez, Andatzako San Pedro ermitan eta Orioko elizan iragarri huen urritik aurrera Donostiako Artzain Ona katedralean ariko haizela. Lau hilabete agurtzen, alajaina.

Kalera atera eta ia egunero jaso diat maitasun hitza edo keinua. Sei urterako etorri ninduan eta hemezortzi pasa dituk. Herritarrak eskertua zirudik; baita nik ere oriotarren eta aiarren tratuarekin, babesarekin eta esker onarekin.

Sei urterako kontratuak sinatzen dituzue, hortaz. Gotzainarena zer izaten duk, proposamena edo erabakia?

Elizan, ardurak proposatzerakoan, sei urteko formula juridiko-kanonikoa erabiltzen duk: sei urte horietan gotzainak ezin dik apaiza beste norabait mugitu apaizak nahi ez badu. Hemezortzi urteotan proposamenen bat izan diat, baina ez duk gauzatzera iritsi. Azken honetan apirilean deitu nindian gotzainak Donostiara bazkaltzera. Segituan usaindu nian zerbait bazetorrela. Ni ez nengoan Oriotik ateratzeko desiratzen, baina apaiz lagunek ere esaten zidaten ez nintzela Orion hilko. Azken batean, Gipuzkoan ehun apaiz bagaude, dozena bat izango gaituk gure destinoan urte dezente daramatzagunak.

Despedidaz eta honek dakartzan emozioez ari gaituk, baina Donostiara hoa, ez Afrikara misiotan.

Pertsona hunkibera nauk, hala duk hori. Baina ez duk gutxiagorako: oso gustura egon nauk Orion eta Aian. Eliz lanetarako talde oso ona izan diat, laguntzaile leial eta finekin, onak eta elkar osatzen dutenak, eliza asko maite dutenak, sormen handikoak, langileak... eta semea edo anaia bezala maite nautenak. Nik beti esaten diet ni patroia naizela, baina armadoreak, baporearen jabeak, beraiek. Eskatzen diedan bakarra duk ni maitatu eta lagundu nauten adina maitatzea nire ordezkoa.

Orion bizitza sozial gehiago izan diat, baina Aiako gazte askorekin ere harreman oso ona diat gaurdaino. Uztarketa horrek asko balio dik. Konturatzen nauk hirian dena hotzagoa izango dela, ez baitiat hainbeste jende ezagutzen. Baina aldaketa honek eragin dezala nigan, jendea ezagutu gabe berdin saiatzea. 

Egin dezagun denboran atzera. Zer pentsatu huen Uriartek Orio eta Aia aipatutakoan?

Hamar bat egun lehenago, hiru apaizgai Oriora etorri gintuan kafea hartzera, Igeldotik barrena, Mendizorrotz eta Kalonge itxita zeudelako. Gogoan diat kafea hartu genuela Aterpen. Maiatza huen eta baporek zeudean moilan. Halakoetan aita zena etorri ohi zaidak burura; oraindik ere bai. Halaxe esan niean lagunei: "Hona etorriko nindukek gustura". Handik astebetera, Uriarte gotzainaren etxera joan ninduan, nora joan behar nuen jakitera. Honelako zerbait esan zidaan: "Potxolo, badekot zuretzako tokixe. Orio eta Aia, eta gero badago toki bat oso polita: Laurgain". Uriarteren portalera jaitsi eta amari deitu nioan. Amarentzat eta anai-arrebontzat Orio oso toki maitea duk, aita hamahiru urtez aritu baitzuan Orion motorista, hilabete batzuk San Antonion eta dozena bat urte Kantabrikon.

Andresen ordezko izatea ez huen lan erreza, gizon estimatua huen Orion.

Aiako kasuan desberdina izan duk. Ehundaka urteren ondoren, bertan bizi izan ez den lehenengo apaiza izan nauk. Orioko parrokoen katean, berriz, gauza bitxia gertatu duk: ez dituk jenio biziko bi apaiz segidan egokitu, zorrotzaren atzetik lasaia tokatu duk hurrengoa. Nik ez nian ezagutu, baina egoskor fama zian Migel Mujika hondarribiarrak, gerra garaiko parrokoak, Oriok Kontxa irabazita kanpaiak jotzen uzten ez zuenak. Ni ez nauk hain zumaiarra izan horretan. Goxoa eta maitagarria huen haren atzetik Orion izan zen Jose Maria Astigarra zumaiarra. Ondoren, Don Bitorio Unzetabarrenetxea, zorrotza inor zorrotza baldin bada. Gerora, Andres Garmendia, gizon goxo-goxoa eta plazagizon apala. Andresek 25 urte egin zitian eta itzal handia utzi zian. Asko ikasi nian harengandik elkarrekin egon ginen urte eta erdian. Niri tokatu zaidak hainbat erabakitan gogorxeagoa izatea. Orain, gizon goxo eta apala zetorrek berriz ere.

Meza laburragoak izan hituan hire aurkezpen karta. Gerora, hirugarrenek ere goraipatu izan ditek hire komunikaziorako eta kanturako gaitasuna.

Komunikazioan ez nauk aditua, aritua baizik. Baina niretzat ezinbestekoa duk mezu gutxi baina zuzen ematea. Niri ez zaidak gustatzen luzatzea: laugarren minututik aurrera arreta eten egiten duk. Zinez saiatu nauk aurrean nor dudan ulertzen saiatzen. Hiletatan, bereziki. Bestearen praketan jartzen. Tokatu zaizkidak aldarte zailak, oso zailak: bere buruaz beste egin duten herritarren ingurukoekin egotea; erailak; familia horientzat guztientzat laztan goxo bat izaten saiatu nauk. Hori duk, niretzat, mundu honetan egoteko arrazoi nagusia. Besteentzat laztan bat izan. Noizbait asmatu ez badut, barkamena eskatzen zieat hala sumatu ez nautenei.

Eta mahai buelta aipatuta, herrian zeresana sortu zian apaiz festazalea izateak.

Pentsa, 26 urte Orion bete nizkian! Zer nahi duk festazalea ez bada! Bertsozalea izanik, herriko bertso eskolakoak ezagutu zintuztedan aurrena, eta Orio ezagutzeko talde ona izan zarete. Parranda asko egin diagu, baina herritarrek behar izan nauten guztietan behar zen lekuan egon nauk. Jendearekin egotea nire lanaren parte dela sinesten diat: enpresari batekin bazkaldu eta afaritarako ezer ez daukan bikote bat etxean hartzea. Denekin egoteko gaitasuna behar diagu, eta askotariko jendearekin egoten naizela uste diat, bi herrietan. Familiako kide bat galdu berri duten etxe askotan izan nauk. Alegia, apaizgintza hala bizi dudalako, zailtasunean egotea tokatu zaidak, ez parrandan bakarrik. Eta bai, Orion eta Aian festa asko eta asko egin diat, asko gozatu diat. Baina bi herriotatik daramatzadan gauzarik politenak unerik zailenetan familiakoek eman dizkidaten besarkadak dituk. Ez zegok hegaluzerik eta antxoarik hori ordaintzeko.

Sakramentuak banaka aztertuta: hiletan erosoago ikusi izan haut ezkontzan baino.

Ez nauk ezkontza zalea. Askotan sentsazioa izan diat jende askok elizan ezkondu nahi duela leku polita delako edo amonari ilusioa egiten diolako. Folklore, apaingarri eta txorakeria askoko egunak izaten dituk. Errespetatzen ditiat, noski. Hiletak txukun egitea obsesio diat, zentzu onean, parean dudanaren tokian jartzen saiatzen naizelako. Hiletan dena duk egia. Ezagutzen edo maite duan pertsona bat agurtzen ari haizelako, eta agur hori neurri batean hire esku egoteak ematen ziok zentzua gure lanari. Ardura hori maitasuna duk eta hortik ezagutzen duk jendea.

Orion eta Aian oraindik ere familia mordoxkak aukeratzen dik haurrak bataiatu edo komunioa egitea. Apaiz baten curriculumean zenbateraino dituk garrantzitsuak zenbaki horiek?

Ez dituk garrantzitsuak. Inork ez ziguk konturik eskatzen. Nik balioa ematen zioat etortzen direnak gustura etortzeari. 2007. urtean 49 ume bataiatu nitian, aurten ez zekiat dozenara iritsiko diren. Soziologikoki aldaketa zetorrean eta pandemiak dena azkartu dik. Hileta kopurua ere jaitsi duk: hemen ez asko, baina hirian izugarri. Uste diat hasi garela bakoitzaren fedearen eta bizitzaren araberako ongietorriak eta agurrak egiten. Lehen jendea ez zuan ausartzen hiletarik ez egitera, jendearen zeresanen eta hitzen beldur. Aldaketa ona duk: orain jende gutxiago zetorrek elizara, baina datorrena benetan etorri nahi duelako zetorrek.

Askotan erabaki gogorrak hartu dituk. Alarma egoeran, esaterako: kultuko zentroak irekita mantentzeko baimena ematen zian Sanchezen dekretuak, baina eliza ixtea erabaki huen. Zirt-zart erabakia, eskuak dar-dar egin gabe.

Fatxada gogorreko pertsona nauk, erabakiak ondo edo gaizki hartzea kostatzen ez zaiona. Baina, aldi berean, hunkibera eta kaltebera nauk, gerora izaten diat zer pentsatua erabakiarekin eta hitz egiteko moduarekin. "Hobe hori esan ez banio, goxoago esan banio…" Jenio bizikoa nauk, nire izateko era duk. Eta ez nauk munduko sinpatikoena. Baina gertutik ezagutzen nautenek bazekitek umoretsua eta bihotz onekoa naizela.

Egoera latza eta berria izan huen pandemia, gobernu agintarien ezjakintasuna… Herritarrok jarri gintuzten erabaki latz batzuen aurrean —gaur egun hartuko ez liratekeen erabakiak, bide batez esanda—. Nik larunbatean hartu nuen eliza ixteko erabakia. Astelehenerako denak itxita zeuden Gipuzkoan.

Nola gogoratzen dituk egun haiek?

Hilerrira igo eta agurrean familiako hiru bakarrik egotea zuan gogorrena. Ibai Esoain laguna zuan lurperatzailea eta hari aipatu nioan: "Dekretuak hiru agintzen dik, baina hil denak bikotea eta lau seme-alaba baldin baditu? Utzi egin behar zieagu". Ibaik nire esku utzi zian erabakia. Gauzak horrela, lehen hiletan hiru bakarrik egon gintuan eta damu handia zeukat: legea bete genian baina ez gure lana. Hurrengoetan lau, bost edo sei baimentzen genitian, ez berrogeita hamar, noski. 

Pandemiak ospea ere ekarri zian: EITBk Orioko parrokiatik eskaini zitian garai hartako mezak.

Euskadi Irratian hasia nengoan ordurako, lau-bost urte badituk igandero goizeko zazpiak eta erdietan meza ematen dugula Marixabel Oliden, Pili Oliden eta Maria Jesus Odriozolarekin, aurrez grabatuta. Aldi berean, telebistako lehen kateko mezen zuzendari lanetan ari nauk azken hamar urteetan, Mungiatik Altzürüküra arteko mezak lotzen. Baina pandemian etxe handiak —EITBk— esan ziguan ezin genuela herriz herri ibili, toki bat hartzeko, eta Orio aukeratu nian. Laukote batek grabatzen genian meza kaperan. 20 igande ospatu genizkian hemen. Izugarria izan zuan Euskal Herri osotik izandako deiak, mezuak, kartak… Gaur duk eguna, Euskal Herriko leku askotan ezagutu egiten nautena, eta eskertu. Bermeon kalean gelditu ninduten "Es el cura de ETB" esanez. Elgoibarko gazte batek selfie bat eskatu zidan, amonari bidaltzeko. Lana izan zuan, baina jasotakoa hirukoitza izan duk. Jesusek esaten dik poz handiagoa dagoela ematean hartzean baino. Nire bizitzako lema bihurtu duk.

Lanean isilik ez, baina isileko lanean aritzen zarete. Caritasen baduk lanik.

Duela hamalau urte inguru detektatu genian Orioko eta Aiako herritarrek janaria behar zutela. Lehen lan-modua izan zuan geuk erosketa egitea eta banatzea. Gerora, elikagaien bankutik janaria ekartzen genian, Joanito Orella zenaren laguntzarekin eta etxeko hainbat laguntzailerekin. Beharra handitzen ari huen, nabarmen. Duela lau urte baino gehixeago aldatu hituen ongizate teknikariak eta gaur da eguna beharra duten familien zerrenda berek egiten dutena. Harreman eta koordinazio oso ona zeukaagu Caritasek eta udaleko ongizate sailak. Baina bolumena handitu zitzaigun eta Joxemari Gozategiren kotxea ez huen aski. Arraun Elkartearekin hitz egin nian eta, ordutik, Joxe Antonio Gutierrez Kakio etortzen duk gidari klubeko furgonetarekin. Elkarteen elkarlana zoragarria duk Orion behar dutenei laguntzeko orduan.

Apaiz kopurua nabarmen ari duk jaisten. Laguntzaileak aipatu dituk lehen, aurki ikusiko dizkiagu meza ematen.

Gipuzkoako Elizbarrutiko Gobernu Kontseiluko kide nauk eta gai hau lantzea tokatu zaiguk aspaldi. Aurki herri guztietan ez duk igandero meza egongo. Nik pozik esan zezakeat bi herrietan oso talde prestatua uzten dudala, igande batean apaizik ez bada eliza zabaldu eta ospakizunak egiteko.

Munillarekin bikario izan haiz, liturgia arduradun. Fernando Prado gotzain berriarekin zein ardura izango duk katedralean?

Lehengo ardurekin jarraitzen diat: Donostiako Elizabarrutian gotzainaren itzulpenez arduratzen nauk, Euskal Herriko —Baionako, Iruñeko, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako— itzulpen taldearen koordinatzailea nauk, elizbarrutietako musika sortzaileen koordinatzaile ere bai. ETBko eta Euskadi Irratiko mezaren ardura ere badiat. Ardura horiez gain, gotzain berriak Artzain Onaren katedralean zenbait gauza aldatu nahi ditik: euskaraz meza eskaintzea eta eguneroko jarduna euskalduntzea, lehen gauza. Uda sasoian frantsesez eta ingelesez ere eman beharko diagu mezaren bat; nik ez diat emango, baina bilatuko diagu baten bat. Horrez gain, Artzain Onaren katedralak kulturgune izan behar dik: egunero-egunero jende andana pasatzen duk bertatik eta inork ez ziek kasurik egiten. Ea asmatzen dugun kontzertuak eta bestelako jarduera kulturalak sustatzen.

Goxatu al duk apaizen arteko giroa?  Munillarekin etena izan duzue eta eragina izan dik zuen harremanean. Inor ez zeundeten ados izendapenean, herori ere ez, baina bi bide oso ezberdin hartu dituzue: askok kontra jarraitu zitean, beste zenbaitzuk ardura postuak hartu zenituzten. Urte zailak izan dituk, ezta?

Munilla ez etortzeko borrokan parte hartu nian. Ez diat arazorik aitortzeko, berari ere askotan aitortu izan diodalako. Behin etorrita, borroka amaitu zela sentitu nian, eta denon artean eliza eraikitzen saiatu behar genuela. Beste apaiz batzuekin batera bikario postua onartu egin nian. Munillarekin mila eztabaida ideologiko izan ditiat, mila, baina pertsonalki ondo moldatu gaituk. Fernando Pradorekin, berriz, zazpi-zortzi urte dituk lagunak garela; orain adiskidetasuna eta lana bereizten nahikoa lan izango diagu, laguna eta gotzaina baituk aldi berean.

Elizak hartutako erabaki guztiekin ez haiz ados egon. Publikoki ere salatu izan duk zenbait erabaki eta gertakarik sortutako mina. Baina hagoen lekuan hi haiz elizaren irudi.

Elizan gauza lotsagarriak ditiagu gurekin: pederastia kasu pila bat, matxismo egonkortu eta zabaldua. Lotsagorritzeko gauza asko ditiagu. Ordaindu behar dik elizak, baina ezer behar izatekotan, barrutik baino egin ezin den sakoneko aldaketa behar dik. Barrutik aldatzeko hautua egin diagu batzuek. Elizak gauza itsusiak baditik, baina onena ere berak eman zidak: Jainkoa ezagutzea eta haren arabera bizitzen saiatzea.

Zer esan dezakek Juan Pablo Aroztegiren inguruan?

Kasualitate batek batu gintian: Zumaiako parrokoa kotxe istripuz hil zuan eta Zumaiako parrokiaren administratzaile lanetan aritu ninduan tarte batean, 2018ko udan. Apaiz egin berria zuan Juan Pablo (35 urterekin) eta bera izendatu ziaten Zumaiako parroko. Bigarren aldia duk, beraz, parrokia bat (edo bi) haren eskuetan uzten dudala. Ordutik lagunak gaituk. Bi urteren ondoren seminariora joan zuan hezitzaile, eta han egon duk hiru urte. Gotzainari esan nioan Juan Pablo zela Oriorako egokia: umila, langilea, zerbitzailea, jatorra... Ingeniari industriala duk ikasketaz, nahiz eta informatikan aritu den gehien, eta 30 urte bete eta gero apaiz ikasten hasia. Nire babes guztia izango dik, hartzen dituen erabakiak gustatu ala ez. Oriora soziedadera, kalera eta jende artera etorriko nauk; elizara ahalik eta gutxien. Ez zioat itzalik egin behar.

Bost Kontxako bandera bedeinkatuta hoa. Orion gutxitxo, baina, zumaiar batentzat, aspaldian izan ez zuen betekada.

Gipuzkoako kostaldeko herrietan antzik gehiena duten herriak dituk Orio eta Zumaia, etengabe nortasuna markatzen egon behar duten herriak. Esaterako, debarrak edo getariarrak ez ditiagu entzungo beti nondarrak diren gogorarazten. 18 urte egin ditiat zumaiarra naizela esanez eta Orio maitatuz. Pentsatzen ari nauk Donostiako moilan Orioko kamiseta jantziko dudala 2024ko Kontxan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!