Intza Unanue: "Nire bizitzaren ereserki propioa bilakatu da disko hau; hortik dator 'Aheri' izena"

Andrea Zipitria 2023ko urr. 13a, 15:00

Intza Unanue (1996, Orio) artistak bihar bertan emango du disko berriko aurrerapen kontzertua, Aian. Hain zuzen ere, Aheri lan berria publikatu baino hilabete lehenago. Gerturatzen diren herritarrek lehen aldiz kantu berri horiek entzuteko aukera izango dute. Nagusiki ekoizpen "lasaiak" sortu dituela zehaztu du Orioko abeslariak, baina badira "erritmo azkarrrekoak" ere. Horiek guztiak entzuteko aukera, probalekuan izango da, 22:30etik aurrera. Sarrerak eskuragarri daude hemen.

'Aheri' disko berria aurkeztuko duzu azaroaren 23an, baina aurrerapen kontzertua eskainiko duzu bihar bertan Aian. Zer nolako sentipenak dituzu? 

Alde batetik urduritasuna da nagusi, baina batez ere jorratutako lana zuzenekoetara eramateko sekulako gogoa daukat. Bi urte dira disko hau lantzen eta sortzen hasi nintzenetik eta denbora honetan kantak eraldatzen joan dira.  Nahiz eta diskoa jada amaituta dagoen, ziur nago kontzertuetan ere kantuek garapena izango dutela, eta hori ikusteko irrikitan nago.

Lehenengo EPa atera nuenean ez nuen sentitzen halako grina emanaldiak eskaintzeko, disko hark eman zuen eman behar zuena. Oraingo honetan, ordea, bestelako asmoak ditut, zuzenekoetan eskaintzeko sortua izan baita, beraz, espero dut Aiako hau lehen geltokia besterik ez izatea eta atzetik Euskal Herriko txokoak gertutik ezagutzeko aukera izatea.

Nolako kontzertua izango da Aiako probalekukoa? 

Diskoa bezalaxe emozioen artean gora eta behera ibiliko den bidaia baten modukoa izango da. Lehen laneko kantuak ere plazaratuko ditugunez nagusiki doinu lasaiez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, baina dantzatzeko moduko zenbait pieza ere eskainiko ditugu.  

'Aheri' disko berriko kantuak lehen aldiz entzuteko aukera izango dute bertaratzen diren herritarrek. Zer entzungo dute? 

Kantu horietan uste dut nire izaera edo esentzia gertuagotik ezagutzeko aukera izango dutela. Pop doinuak izango dira nagusi, sinteek eta perkusioak garrantzia hartuko dute. Baita aurreko EPan hainbeste ikusi ez zen nire ahotsaren beste erregistro apalago bat ere.

Nola definituko zenuke disko berria? Aurreko lanekin alderatuta, aldaketarik ba al da oraingo lanean? 

Nire bizitzaren ereserki propioa bilakatu da disko hau. Hortik dator Aheri izena; euskara zaharrean erabilia kantu, melodia edo ereserki sinonimo moduan. Azken urte hauek uste dut musikalki nire bidea aurkitzeko, eta diskoaren kontzeptualizazioan sakonago lan egiteko balio izan didatela. Soinu propioa aurkitzetik geroz eta gertuago nagoela sentitzen dut, eta disko honek ere uste dut islatzen duela nire nahi hori. 

Kantu lasaiak dira nagusi, naturalki gehiago jotzen baitut halakoetera, baina oraingo honetan zuzeneakoetan dantza gehiago egiteko beharra sentitzen nuen, eta horregatik abesti batzuk erritmo azkarragoa dute.

10 kanturekin osatu duzu disko berria. Nolakoa izan da prozesua? 

Polita baina ez erraza. Duela bi urte hasi nintzen lanketan, ez nuen nahi kantu bilduma soil bat izatea, kontzeptu batek heldu behar zien pieza guztiei. Beraz, zutabe hori aurkitzetik hasi nintzen, ondoren letretan murgildu nintzen eta hor ere izan ditut gorabeherak, baita melodiak sortzerakoan ere, lanean orduak pasa ondoren ez baita erraza sormenari eustea. Baina tira, azkenean olerki edo letra ugari idaztea lortu nuen nire sentipenei jarriki eta horrek ere eman zidan tartea doinuei beren bidea aurkitzen joateko. 

Udan iritsi da prozesuaren alderik politena, Bilbon izan naiz Jon Aguirrezabalagarekin batera El Tigre estudioetan ekoizpena lantzen eta ondoren guztia grabatu eta nahasten. Hainbeste denboraren ostean abestiak forma hartzen doazela ikustea oso pozgarria izan da. 

Horietatik guztietatik zein da zure gustukoena? 

Denboraldiaren arabera uste dut aldatzen doala gustukoenaren ranking-a. Emozio ezberdinetatik abiatuta sortutakoak izan dira, eta unean sentitzen ari naizenaren arabera gusturago kantatzen dut bat ala beste. 

Letrei dagokienez, hala ere, bada kantu bat lagun bati idatzi niona, opari gisa. Abesti hori sortzen hasi nintzenean gutun bat balitz bezala hartu nuen, pertsona jakin bati hizketan. Uste dut kantu hori izan dela negarrez nengoela sortu den bakarra eta berezia egiten zait abestea. 

Aiako kontzertuaz gain, beste kontzerturik baduzu aurreikusita?

Oraintxe hasi gara diskoaren aurkezpen kontzertuak bilatzen, gutxi batzuk lotuak ditugu, baina aurkezpen gira bat jakinarazteko gehiagoren bila gabiltza, espero laster ematea horren berri.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!