Ikastaroak antolatu ditu UKUEk Zaindu Urola Kosta programaren barruan

Juan Luis Romatet 2023ko aza. 7a, 11:00

Zaintza alorrean lan egiten duten lagunei zuzendutako ikastaroak dira hauek. (UKUE)

Azaroaren 20an hasiko da zaintza arloan aritzeko euskarazko hiztegia ikasteko oinarrizko ikastaroa eta adineko pertsonen ongizatean positiboki eragiteko ikastaroa abenduaren 11n. 

Zaintza arloan aritu nahi duten eskualdeko herritarrentzat diruz lagundutako ikastaroak antolatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) Zaindu programaren barruan. Kasu honetan, bi modulu eskaintzen ditu.

Batetik, Zaintza arloan aritzeko euskarazko hiztegia (oinarrizko maila) eskainiko da azaroaren 20tik abenduaren 1era bitartean (15:00etatik 18:00etara). "Urola Kostan adineko pertsonek beraiekin harremana euskaraz izatea eskatzen dute. Hori dela eta, euskaraz dakiten zaintzaileak baloratzen dituzte. Behar hori asetzeko antolatu da ikastaro hau", azaldu dute UKUEtik. Saioak Zarautzen emango dira, Oteitza Lizeo Politeknikoan, eta Zarauzko Udal Euskaltegiko kideek emango dute.

Bigarren ikastaroa estimulazio psikoemozionalekin lotutakoa da. "Adineko pertsonen kalitatezko zaintzak, horien alderdi kognitiboa, emozionala eta fisikoa estimulatzea eskatzen du, horien ongizatean positiboki eragiteko". Pertsonen bizi-historia, gustuak, beharrak eta lehentasunak ezagutzeko estrategiak aztertuko dira ikastaroan zehar, baita eguneroko bizitzan zentzua duten jarduerak nola sustatu ere; eta eguneroko errutinen balio terapeutikoa landuko da. Ikastaro hau ere Oteitza Lizeo Politeknikoan emango da, Zarautzen, eta Matia fundazioko kideek gidatuko dute. Abenduaren 11tik 14ra bitartean emango da, 15:00etatik 17.30era.

Zaintza alorrean lan egiten duten edo nahi duten eskualdeko herritarrei zuzenduta dagoen ekimena da Zaindu Urola Kosta. Helburuen artean eskualdeko zaintzaileek gaitasun tekniko zein zeharkakoak jaso eta barneratzea  da, gero hori laneratzeko.

Ikastaroetan izen-ematea zabalik dago jada eta interesdunek Urola Kostako Udal Elkartera deitu (943-89 08 08) edo lanpoltsa@urolakosta.eus helbidera idatzi behar dute. Lehentasuna langabezian daudenek izango dute. bi moduloetan izena eman daiteke edota bakarrean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!