'Parean eta pareko'

Sexua eta ohitura osasuntsuak, banaezinak

Urtzi Oteiza - Andoni Elduaien - Intza Trula 2023ko abe. 8a, 09:00

Azken ikerketen emaitzek diotenez, 2000. urteaz geroztik ugaritu egin dira sexu bidez transmititzen diren gaixotasunen diagnostikoak. 2018tik 2022ra bitartean, gonokozia diagnostikatu dieten herritarren kopurua %177 hazi da; eta sifilisa diagnostikatu dietenena, %53. Halaber, indarra hartu du, bereziki, klamidiak; hain zuzen, sexu bidez transmititzen diren gaixotasunetan ohikoena bihurtu da. Horrez gainera, datuek diote infekzio horiek gehienbat gazteengan atzeman dituztela: Sexu Transmisiozko Infekzioen (STI) laurdenak 15 eta 24 urte bitarteko herritarrei detektatzen dizkiete. Intza Trula kazetariak abenduko GUKA atalerako idatzitako erreportajea da honakoa. 

Aitziber Estonba (Irun, 1976) sexologoak hogeitik gora urte daramatza Zarauzko eta Euskal Herriko beste hainbat eskoletan nerabeekin sexu heziketa lantzen, eta Josu Rodriguezek (Zumarraga, 1990) gurasoak galdu zituen umea zenean, HIESarekin kutsatu ondoren. Egun, Azpeitia, Zumarraga eta Donostia artean dabil Rodriguez, bere proiektuak aurrera eramaten. HIESaren nazioarteko eguna da abenduaren lehena, eta gaixotasun hori kutsatzeko hainbat transmisio bide dauden arren, sexu bidezkoa da bat: biek ala biek ondo ezagutzen dute sexu bidez transmititzen diren gaixotasunen gaia, eta norbere burua zaintzearen eta sexu heziketa on baten beharraren garrantzia azpimarratu dituzte.

Sexuaz bai, baina nerabeek hitz egiten al dute sexu bidez transmititzen diren gaixotasunez?

AITZIBER ESTONBA: Nik ez dakit sexuaz edo sexuaren proiekzioaz hitz egiten duten, eta gero, zailtasunen bat dutenean, azaltzen ote duten. Batzuetan harrotu egiten gara, baina ez dakit behar-beharrezkoa denaz hitz egiten dugun.

JOSU RODRIGUEZ: Agian konfiantzazko pertsonekin bakarrik. Gertukoak ditugun lagun batekin edo birekin bai, baina arazoak dituzun momentuan, zaila egiten da gainontzekoei kontatzea. 

A.E.: Nik uste beraien elkarrizketetan gaixotasunek toki handirik ez dutela. Hogei urte baino gehiago daramatzat eskoletan lan egiten, eta ikusi dudanaren arabera, duela urte batzuk gaixotasunen gaia askotan ateratzen zuten, agian premia zegoelako eta heriotza ere hor zegoelako –adibidez, HIESaren kasuan–, baina orain, pisua galdu du; horretaz ez da hitz egiten.

Josu, zure gurasoak HIESak kutsatuta hil ziren umea zinenean. Nola oroitzen dituzu garai haiek?

J.R.: Egia esan nahiko ume harrapatu ninduen guztiak. 4 urte nituenean aita hil zen, eta 6 urte inguru nituenean ama. Nahiko atzean geratu zait dena, baina uste dut momentu hartan nire familiak egoera pixka bat apaindu egin zuela. Momentuan ez zidaten esan zer gertatzen ari zen; gerora joan naiz guztia jakiten. 20 bat urte nituela hasi nintzen galdezka: zergatik hil ziren, nola gertatu zen… Agian horregatik, ez ditut oroitzapen asko. Momentu haietan konturatzen nintzen gurasoak gaixo zeudela edo falta zirela, baina ez nekien benetan zer gertatzen ari zen. Gaur egun ez dakit horrelako gauzak nola kontatzen zaizkien umeei, baina nik uste gauzak apaindu egiten direla. Dagoen informazioarekin, egia esan beharko genieke haurrei: "Honakoa eta honakoa pasatu da, eta zure gurasoei hau eta hau gertatzen zaie".

A.E.: Nik uste dut garai hartan estigma handia zegoela HIESaren inguruan, eta ziurrenik, zure familiak babestu egin nahiko zintuen.

Josu, nola esan zizuten gurasoak HIESarekin hil zirela?

J.R.: Esan zidaten oso argi utzi nahi zidatela ez zela drogen kontuagatik izan, eta sexu harremanak izanda  kutsatu zirela. Hasiera batean uste zuten Urretxu eta Zumarraga bezalako herri txikietan bizita, jendeak asko hitz egingo zuela gertatutakoaz; nire gurasoak zertan ibili ote ziren eta zertan ez komentatzen hasiko zirela kalean. Ez zeukan zerikusirik drogekin.

A.E.: Orain horrelako egoerak ez dira horren ohikoak, normalean heriotzarik ez duelako eragiten. Garai hartan HIESA drogen kontsumoarekin eta homosexualitatearekin lotzen zen, eta estigma hori ume horien gain gelditzen zen. Pentsatzen dut apaintze hori horregatik izango zela.

Josu Rodriguez. 

Josu, gaur egun normaltasunez hitz egiteko gai al zara gertatutakoaz?

J.R.: Bai, ez daukat inongo arazorik gertatu zenaren inguruan hitz egiteko. Nire bizitzako beste pasarte bat izan da eta horrek egin nau ni gaur egun naizena. Kontua da jendeari ez zaiola gustatzen heriotzaz hitz egitea, eta horrelako gaixotasun bat tartean dagoenean, are gutxiago. Niri ez dit beldurrik ematen, ezta lotsarik ere; badakit zerbait normala dela, eta zenbat eta presenteago eduki, orduan eta lasaiago bizi naiz ni.

HIESa sexu bidez ez ezik, beste hainbat eratara ere transmititu daiteke. Lehen jende asko hiltzen zen gaixotasun horren ondorioz, baina gaur egun, ez da hala, eta ematen du errespetua galdu zaiola.

A.E.: Noski. Hiltzen ez garenez, badirudi beldurra galdu diogula, eta desagertu egin da, baina komunikabideetatik. Beharbada datuek esango dute kutsatuen kopurua jaitsi egin dela, baina denbora askoan ez da telebistan atera. Ahaztu egiten zaigu gaixotasun larria dela, sendaezina. Gaixotasun hori dutenek betirako dute eta medikatuta egon behar dute. Alde ona izan daiteke, agian, harremanak izaten ditugun momentuan ez dugula horrenbesteko beldurrik izaten; baina beldur horiek galduta, begira nola dauden datuak.

Aitziber, nerabeekin sexu heziketa lantzen duzu eskoletan. Gaixotasunen inguruko zalantzak sexuaren inguruko gainontzeko zalantzak bezain erraz plazaratzen al dituzte nerabeek?

A.E.: Ez daude horren presente. Galderak egiten dituzte, baina askotan guk atera behar izaten dugu gaia mahai gainera. Horretan aldaketa egon dela jabetu naiz; lehen eurek gehiago galdetzen zuten gaixotasunen inguruan.

Oro har, zer dakite nerabeek gaixotasunen inguruan? Zein izaten dira beraien zalantza ohikoenak?

A.E.: Uste dut informazioa badutela, baina dena ez da informazio kontua. Guk hezi behar ditugu nerabeak, eta irakatsi behar diegu euren burua maitatzen eta zaintzen, baita harremanetan ere. Sexu hezitzaileok lan horretan ari gara, baina gero, hor dago pornografia, eskura dituzte bideoak eta filmak, eta horiek kontrakoa adierazten diete: zenbat eta arriskutsuagoa izan praktika, orduan eta hobea izango da. Kondoirik ez da agertzen inon eta, gainera, errealitatetzat erakusten digutenak ezer ez du benetakotik; erotika oso exigentea izaten dute. Guk urtean asko jota sei orduko tailerrak eskaintzen dizkiegu, eta uste dut beharrezkoa dela gurekin batera etxean ere, familietan, sexu heziketa egiten hastea. Nerabeen autoestimua landu behar dugu, ondoren harremanetan beren burua zaindu dezan. Hori da landu behar dena, beren emozioak zeintzuk diren eta harreman batean daudenean beldurrak zer eragiten dien: beldurrak paralizatu egiten badu, akabo, jada jarri da arriskuan. Lagundu egin behar zaie hori guztia kudeatzen, baina barrutik, eta beraien emozioak kontuan hartuta. Izan ere, pornografian super erotika hori aurkitzen dute eta pentsatzen dute: “Ni tontoa naiz ala zer?”. Talka horrekin aurkitzen dira, eta horrenbeste gauzaren artean, gaixotasunez ahaztu egiten dira; ez dira horietan pentsatzen jartzen. 

J.R.: Teknologiak oso azkar egin du aurrera, eta pertsonek, ez. Ez dakit etxeetan eta familietan zer-nolako egoerak ematen diren nerabeekin, baina nik uste dut lanketa etxean hasten dela eta baita lagunartean ere. Nerabezaroan ohikoa da harrotasun puntu batekin ibiltzea, ea zer egiten duen batak eta zer besteak, eta uste dut horrek baldintzatu egiten dituela. Gaur egun, 8 edo 9 urteko umeak dagoeneko telefono mugikorrarekin ibiltzen dira aurrera eta atzera, eta horrek ate oso handi bat zabaltzen die; informazio asko dute eskura, eta gauza asko ikusten dituzte. 

Informazioa badute, beraz.

A.E.: Bai, baina kasu honetan, eskura duten informazio gehiena ez da egokia, erotikari estereotipoak jartzen dizkietelako. Lehen inork ez zigun esaten nolakoak izan behar zuten gure harremanek; hobeto edo okerrago egingo genuen, baina denborarekin ikasten joaten ginen. Orain, ordea, erotikak esaten digu nola egin behar dugun guztia, zer dagoen ondo eta zer ez. Nerabeek hori guztia jasotzen dute aurretik bestelako informaziorik izan gabe, kontrastatu gabe, benetakoa zer den eta zer ez bereizi gabe. Hori guztia kalterako da.

J.R.: Harrituta geratu naiz esan duzunean eskolan urtean sei orduz bakarrik lantzen direla gai hauek; oso-oso gutxi iruditzen zait. Gure garaian  beste horrenbeste egingo genuen era ordurako gutxi iruditzen zitzaidan, baina ordutik pasatu dira urte batzuk.  

A.E.: Sei ordu, eta pozik, eskola batzuetan oraindik ez baitute sexu heziketarik lantzen. Gainera, kontuan izan behar dugu familian ez badituzte 11 urtera arte komunikazio bideak zabaltzen, gero nerabezaroan itxi egiten direla. Gurasoak tarte hori baliatzen ez badute, eskolako tailerrek berebiziko garrantzia hartzen dute; gurasoekin irekitzen ez badira, gurekin ireki daitezkeelako. Nik orain aurkitzen ditut mutilak –mutilek pornografia gehiago kontsumitzen dute neskek baino– masturbatzeko arazoak dituztenak, erotikan arazoak dituztenak…

Pornografia aipatu duzue. Gaur egungo nerabeek pornografiarekin izaten dute sexuaren lehen pertzepzioa. Arriskutsua al da hori?

A.E.: Bai. Kontsumitzen duten batzuek eszitatzeko zailtasunak dituzte, eta kontuan izan behar da mendekotasuna ere sor dezakeela. Esaten dute mendekotasuna ezin zaiola deitu, edo hitz hori ezi dela erabili behar, baina azkenean behar duzun zerbait da, eta hor erakusten den azkartasuna behar dutela sentitzen dute.

Aitziber Estonba.

Sexu bidez transmititzen diren gaixotasunez hitz egiteak kutsatzeko aukerak gutxitzen dituela uste al duzue?

A.E.: Ez da hori bakarrik; pertsonak gutxieneko autoestimu batekin eraiki behar gara gure harremanetan zaindu egin behar garela jakiteko, eta nire ustez hori da bidea. Informazioa izatea ere garrantzitsua da, noski, gaixotasunak existitzen direla eta nola kutsatzen diren jakin behar dute, baina hori ordenagailu bat edukita egin dezakezu. 

J.R.: Agian ez gara ohartzen zer gerta dakiguken edo zer ondorio izan ditzakeen bide egoki bat ez jarraitzeak; barne lanketa hori egin beharko litzateke. Nik nire burua maite badut eta beste gauza batzuetan tratu txar horiek ematen ez badizkiot, zergatik kasu honetan bai?

Zer jaso dute gaiaren inguruan nerabeek?

A.E.: Erakusten zaigu gure harremanetan beti sarketak egon behar duela. Nik beti esaten diet elkar masturbatzea –ahozkoa ez denean– kalterik egiten ez digun praktika bat dela, lasaitasunez jardun dezakegula eta horrekin hasteko. Erakusten digute sarketa dela, edo izan behar duela, praktiken erdigunea, bai ala bai, bestela ez da harreman erotiko bat. Eta telebistan ere zer ikusten dugu? Beti, sarketa.

J.R.: Beti eszena berdinak dira telebistan ikusten ditugunak. Gizonezkoak emakumezkoaren gainetik egoten jarraitzen du, hori ez da aldatu.

A.E.: Esango nuke emakumeen masturbazioa sexu harremanetan film bakarrean ikusi dudala. Oso iraultzailea iruditu zitzaidan, ez baita inon agertzen. 

Masturbazioaz hitz egiten al dute gazteek?

J.R.: Gaur egun mutilek normaltasunez esaten dute masturbatzen direla, baina neskek oraindik ez. Ez dakit azken urte hauetan zenbateko aldaketa egongo zen, baina, oro har, ez dut uste aldaketa handirik gertatu denik.

A.E.: Emakumeen masturbazioa modan jarri da azken aldian saltzen hasi diren jostailu batzuen harira. Modan jarri da tartean negozioa azaldu den momentuan, eta ez emakumeen indartze batengatik. Zerbait ona ekarri du, baina erotikaren esparrian oraindik badaude deseraiki beharreko gauzak.

Kondoiaren erabilera jaitsi egin da 26 urtetik beherako gazteen artean. Berriki ezagutzera eman duten Los españoles y el sexo barometroaren XI. edizioaren arabera, gazteen %58k preserbatiboa erabiltzen dute, baina aurreko barometroarekin alderatuta, kopuru hori lau puntu jaitsi da. Zer iritzi duzue datu horren inguruan?

A.E.: Dena berehala nahi dugun gizarte batean bizi gara. Kondoiak plazera gutxitzen duela esan izan digute. Egia ala gezurra, kondoiak babestu egiten gaitu. Baina dena nahi dugu; berehalako plazera nahi dugu, eta balantzan jarrita, nahiago dugu hori egin eta gero pilula hartu. Halere, lehen esan dudan moduan, jarraitzen dugu esaten harremanen erdigunea sarketak izan behar duela, eta badaude hainbat praktika sarketa behar ez dutenak, arriskurik ez dutenak eta plazera ematen digutenak. 

J.R.: Normala da gaztea zarenean gauzak gaizki egitea, hasieran behintzat.

Biharamuneko pilula aipatu duzue. Erraz hartzen al dute gazteek?

A.E.: Lehendabiziko pilula hartzen dutenean, susto handia hartzen dute, ez baita atsegina horrelako egoera bat bizitzea. Batzuek ikasi egiten dute, eta zaintzen hasten dira; beste batzuk, ordea, ez. 

J.R.: Niri ez zait egokitu horrelako egoera bat bizitzea, baina egokitu izan zait lagunen bati lagundu behar izatea. Txortan kondoirik gabe egin eta hilerokoa jaitsi ez zaien lagunak izan ditut, eta bakarrik joateak lotsa ematen zielako, nik lagundu izan diet pilula erostera.

A.E.: Gainera, egoera horretan daudenean, bi froga egin behar izaten dituzte: bata, haurdun dauden jakiteko; eta bestea, HIESik baduten jakiteko. 

J.R.: Uste dut nire harremanetan, oro har, buruarekin jokatu dudala, baina egon dira kasuak non gauzak ez ditudan guztiz ondo egin. Pertsonak gara eta, normaltasun baten barruan, egoera batzuetan okertu egiten gara. 

A.E.: Irakaspen bat eramaten dute, eta listo. Ez ondo, ez gaizki; ikasi egiten dugu. Gainera, denborarekin konturatu naiz gazte gehienek sexu orala ez dutela arriskutsutzat, eta zailagoa den arren, fluxuaren eta semenaren bidez ere gaixotasunak transmititu daitezke. Topatu ditut gazteak hori entzun eta harrituta geratu direnak, eta ondoren asko larritu izan direnak. Kasu horietan, denbora pixka bat itxaron behar izaten da froga egin aurretik. Espero dut horrelako irakaspenek balio izatea beraien burua zaintzen ikasteko.

Intza Trula kazetaria, Rodriguez eta Estonbarekin. 

Gazte askok pilula hartzen dute gaur egun. Haurdun ez gelditzeko neurrietako bat da hori, baina ez du gaixotasunetatik babesten. Gazteei hori ahaztu egiten zaiela uste al duzue?

J.R.: Nik uste dut ahaztu egiten zaiela. Aitziberrek esan duen moduan dena nahi dugu eta orain nahi dugu; sexu harremanak izan nahi ditut orain, eta gainontzekoak berdin dio. 

A.E.: Eta hori guztia alkoholarekin nahasten dugunean; adibidez, oso barnerakoiak diren pertsonei bat-batean ezerk ez die axola izaten. Horri guztiari alkohola eta drogak nahasten badizkiegu, dena nahi izaten dugu, eta konturatzerako ustekabekoekin aurkitzen gara.

Behar adina sexu heziketa jasotzen al dute nerabeek edo gaiak eskoletan presentzia handiagoa izan beharko lukeela uste duzue?

J.R.: Nik uste dut behar-beharrezko dela, bai eskoletan eta baita etxeetan ere. Garrantzitsua da gurasoek jakitea nola bideratu gaia etxean. Ni gurasoa izango banintz edo horrelako egoera baten egongo banintz, gustatuko litzaidake nola jokatu jakitea eta nire seme-alabekin normal hitz egitea sexuaren inguruan. Ez da erraza izango, baina lasai hitz egitea seme-alabekin sexu heziketaz aurrerapausoa izan daiteke. Eta ez bakarrik eskolei bideratuta, udaletatik ere bai.

A.E.: Hasteko, sexologo bat egon beharko litzateke eskola guztietan. Maila guztietan landu behar da sexualitatea, gai oso zabala baita. Programarik osatuenak Urretxukoa eta Zumarragakoa dira. Zarautzen ere egin du udalak inbertsioa urtero gaia ikasleekin lantzeko. Zarautzen, adibidez, LH1. mailatik zikloetaraino jasotzen dituzte saioak. Talde bakoitzak sei orduko formazioa jasotzen du, baina gero formazioa ematen zaie irakasle guztiei eta gurasoei ere, eta sexualitateari lotutako hainbat gai lantzen dira urtero. Toki askotan ez dago hori ere; batzuetan eskolek edo guraso elkarteek ordaindu behar dute.

J.R.: Lurralde edo estatu mailan erabaki behar lukete eskoletan behar dena. Euskal Herrian daukagun heziketa edo Andaluzian daukatena, adibidez, ez dira berdinak. 

A.E.: Hemen zoragarri gaude. 

J.R.: Hemen badugu pribilegio hori.

A.E.: Pribilegiatuak gara, baina mugekin. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!