San Nikolas jaiak 2023

"Herriko festak ziran biharamunian..."

Anuska Esnal 2023ko abe. 5a, 12:08

Anuska Esnal Orioko alkateak 2023ko sanikolas festen harira Karkara Gukak argitaratutako gehigarri berezirako idatzitako iritzia da honako hau.

Truk jota Iñaxik txota, Mariak ta Errufinak hirua. Mari Martin txoratu al zain burua? Lauarekin hiruaren kuñua" jarraitzen du garai bateko kantuak. Eskabetxerian kantatzen omen zuten baporez jositako moila aurrean zutela. Ordutik, zeharo aldatu zaigu irudia: egun eskabetxeriarik ez eta bapore bakanak gure herriko moilan. Baina sanikolasak bizitzeko ilusioa, lehengo bera.

Honezkero, kuadrillan eta familian planak prestatzen ari gara denok: elkarte gastronomikoko mahaia edo tabernako ogitartekoak, denak dira baleko neguko festa euritsu edo haizetsuetan. Aurten, urteetan sukaldean musu truk aritu den kuadrillak botako du txupinazoa. Omenaldietan atzera begira jartzen gara, etorkizuna ilusioz begiratzeko arrazoiak ditugulako. Belaunaldi berriei begiratu besterik ez dago, ez da gure herrian sukaldaririk eta zerbitzaririk faltako. Herritar mordoxkaren ekarpena da gure ur jarioa; gizarte, kirol, kultura elkarteek egiten duzuen lana.

Eskerrak festak batzordea osatu duzuen guztioi. Aurten ere jendetsuak izan dira batzordeko bilerak, eta ariketa demokratikoa erabatekoa izango bada, festa batzordeak egindako proposamena osorik onartu du Orioko Udalak. Herritar guztien errespetuan eta gozamenean pentsatzen egon den taldeak merezi du gure biba eta txaloa. Zorionak, beraz, festa batzordeari, herriko elkarteei eta eragileei. Zuei esker, marea bizian errioko urak bezala, elkarrekin kalea hartzeko egunak datoz.

Urruti bizi diren oriotarrak gogora ekarri nahi nituzke, eta osasun arazoek edo zenbait buru kantsanziok festaz gozatzeko aukera urratu dieten haiek ere bai. Opa dizuet onena, eta abenduaren 5ean iluntzeko zortzietan plazan ikusi nahi zaituztet. Koloretsua, anitza eta bizia da Orio, zer esanik ez San Nikolas festetan.

Ondo-ondo pasatu!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!