Zaintzaileek adineko pertsonekin euskaraz hitz egin ahal izateko ikastaroa antolatu du UKUEk

Maria Maya Manterola 2024ko api. 11a, 10:30

Euskarazko oinarrizko hiztegia irakatsiko dute saioetan. Maiatzaren 6tik 17ra artean izango dira saioak, eta interesdunek izena eman dezakete dagoeneko.

UKUE Urola Kostako Udal Elkartearen ekimena da Zaindu Urola Kosta, eta urtebete baino gehiago darama zaintzaren sektorea profesionalizatu eta kalitatezko enplegua sustatzeko lanetan. 

Bide horretan, beste jarduera bat antolatu du: zaintza sektorean euskaraz aritzeko ikastaroa. Maiatzean izango da, eta zaintza arloan aritzen direnei edo aritu nahi dutenei zuzenduta dago. 

Hain zuzen, maiatzaren 6tik 17ra bitarte izango dira saioak, eta sektorea profesionalizatzeaz gain, zaintza arloan lan egin nahi duten pertsonen ezagutzak areagotzea da helburua. Horregatik, langabezian dauden pertsonei emango diete lehentasuna. 

Ikastaroa 30 ordukoa izango da: maiatzaren 6tik 17ra 15:00etatik 18:00etara eskainiko dute Oteitza Lizeo Politeknikoan (Gipuzkoa Kalea 5, Zarautz). Izena emateko, UKUEren egoitzara deitu (943-89 08 08), lanpoltsa@urolakosta.eus helbidera idatzi edo, mankomunitateko lan poltsan izena emanda egotekotan, esteka honetan eman ahal izango da izena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!