Parte hartzea %50etik gorakoa izan da Aian eta Orion 18:00ak artean

Maria Maya Manterola 2024ko api. 21a, 19:30

Arratsaldeko datuen arabera, lurralde guztietan egin du gora parte hartzeak: Gipuzkoan, esaterako, hamabost puntu igo da 2020tik. Orion %52,54koa izan da, eta %50,03koa Aian.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan 18:00ak bitartean izandako parte hartze datuak eman berri ditu Eusko Jaurlaritzak. Orion, boto eskubidea duten herritarren %52,54ak eman du boza; Aian, %50,03k.

Gipuzkoan, berriz, %50,73koa izan da bigarren parte hartze datua; %36,7koa izan zen duela lau urte. Araban, %48,73k eman du botoa 18:00etarako, %33,2koa izan zen arratsaldeko parte hartzea 2020an; eta Bizkaian izan da ehuneko altuena, %51,87koa, hain zuzen. 2020an, %27,43koa izan zen ehunekoa lurralde horretan.

Hiru lurraldeak kontuan hartuta, %51,03ko parte hartzea izan da arratsalderako. Duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta, hamabost puntu egin du gora parte hartzeak, %36koa izan baitzen orduan. 

Kontuan hartzekoa da, ordea, duela lau urteko hauteskundeetan ordubete lehenago eman zituztela bigarren parte hartze datuak, eta baita posta bidezko botoaren portzentajea ohi baino altuagoa izan zela ere, pandemiaren eraginez.

Atari honek gertutik jarraituko du hauteskunde gaua, eta 21:00etatik aurrera hasiko da unean uneko emaitzak eskaintzen, grafiko eta bestelako irudiez osatuta.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!