Joan den asteburuko irainak salatzeko argazki jendetsua egingo dute larunbatean

Mireia Galarza Bastida 2024ko api. 26a, 12:00
Iazko umeen finaletako partida bat. (Arnaitz Rubio Aprea)

Joan den larunbatean Zarautz Kirol Elkarteko Futbol atalak "publikoki gogor" salatu zuen Eskola Kiroleko haurren plaieroetan epaile adingabeek jokalarien guraso batzuengandik entzun behar izaten dituzten irainak. Eskola Kiroleko Mahaia osatzen duten eragileek gaitzetsi egin dituzte erasoak, eta argazki erraldoia deitu dute biharko Zarauzko Gurutze Gorriaren parean, 11:30ean. 

Joan den larunbatean Zarautz Kirol Elkarteko Futbol atalak "publikoki gogor" salatu zuen Eskola Kiroleko haurren plaieroetan epaile adingabeek jokalarien gurasoengandik entzun behar izaten dituzten irainak, besteak beste, "gilipollas eta puto tonto".

Garbi utzi nahi izan zuen taldeak horrelako irainik ez dutela onartuko, eta ikerketa bat zabaldu dutela guraso horiek identifikatzeko. Gainera, hurrengo jardunalditan egoera berriro errepikatzen bada, "partidak bertan behera utzi eta bi taldeak kanporatuak" izango direla azpimarratu dute.

Horren ondoren, eta gertatutakoa argitzeko asmoz, Eskola Kiroleko Mahaia elkartu da aste honetan Zarautzen. Mahaia osatzen dute Zarauzko Kirol Elkarteak, Zarauzko Orokieta Herri Eskolak, Salbatore Mitxelena Ikastolak, La Salle ikastetxeak, Antoniano ikastetxeak, Orioko Herri Ikastolak, Zaragueta Herri Eskolak, Aiako Lardizabal Herri Eskolak eta Getariako Iturzaeta Herri Eskolak. 

Azaldu dutenez, "horrelako egoerek arazo larri baten aurrean gaudela adierazten dute", eta pertsonen esku dago kirolaren inguruan "balore eta jarrera egokiak" sustatu eta kirola "hezigarri" bihurtzea. "Gure ardura dela onartu behar dugu, eta denok egin behar dugu, bai klubek, eta bai ikastetxe, guraso, jokalari, entrenatzaile eta epaileek", gehitu dute. 

Zentzu horretan, Eskola Mahaia osatzen duten eragileek garbi erakutsi dute "bide hezigarri baten aldeko jarrera eta konpromisoa", eta aditzera eman dute elkarlanean jarraituko dutela jarrera desegoki eta errespetu faltak desagerrarazteko.

Argazki jendetsua

Gertatutakoa gaitzetsi, erasotuei babesa adierazi eta Eskola Kirol hezigarri baten alde egiteko, argazki erraldoia aterako dute bihar, Zarauzko Gurutze Gorriaren parean, 11:30ean hasita. "Ez dugu onartuko gutxi batzuen jarrerek gehiengo zabalaren eredugarritasuna estaltzen", gehitu dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!