Ibai Makazagak eta Erika Alvarezek irabazi dute XIX. Pagoeta Mendi Lasterketa

Aritz Mutiozabal 2024ko api. 28a, 17:00

Manuel eta Maider Unanue aita-alaba aramarrak nagusitu dira proba mistoan. Guztira, 575 lasterkarik hartu dute parte aurtengo edizioan, sekula izan duen parte hartze jendetsuena.

Inoizko parte hartze handienarekin jokatu da gaur goizean XIX. Pagoeta Mendi Lasterketa. Salbatore Mitxelena Ikastolak zortzigarrenez antolatzen duen proba enblematikoak 525 lasterkari izan ditu, guztira: 275 ibilbide nagusian eta 125 bikote ibilbide mistoan. Ibai Makazaga oriotarra eta Erika Alvarez aresoarra izan dira garaile 21 kilometroko banakako lasterketan -bietako inork ez du gainditu 2019tik ezarrita dauden markak hobetzea-, eta binakakoan, berriz, Manuel eta Maider Unanue aita-alaba aramarrek irabazi dute.

Proba nagusikoak irten dira lehenik eta behin irteera-helmuga gunetik, eta garaipena lortzeko hortzak zorrotz zituztenak berehala jarri dira aurreko postuetan tiraka. Pixkanaka-pixkanaka, hasierako multzoa luzatzen joan da, eta Urtetaranzko lehen maldak hasi direnerako Ibai Makazaga buruan jarri da. Edonola ere, oraindik ere, Aitor Manterola zarauztarra, Mikel Usandizaga aiarra, Jokin Egurbide zarauztarra eta beste hainbat orpoz orpo zituen. Aldeak nabarmentzen joan da oriotarra ibilbidean aurrera egin ahala, eta, azkenean, bakarrik osatu du du hasieratik bukaeraraino proba osoa.

Helmugara ziztu bizian sartu da, 01:43:46ko denborarekin, eta handik minutu eta erdi ingurura Manterola ailegatu da. Biek ala biek egindako ahalegin fisikoa atzeman dute iritsi bezain pronto, eta gogora ekarri dute 2018ko edizioan hurrenkera berean sailkatu zirela. Beraz, aurtengoa, Pagoeta Mendi Lasterketa irabazten duen bigarren aldia du Makazagak. Gizonekoen podiuma osatzeko hirugarren postua Jokin Egurbidek lortu du, zeina pozarren helmugaratu den semearekin eta besoa altxata. Iaz gertu ibili ondoren, aurten estreinakoz podium gainera igotzea lortu du.

Emakumeen lasterketan ere antzerako zerbait gertatu da. Erika Alvarez joan da aurretik, baina orpoz orpo izan du Nerea Amilibia atleta beteranoa zarauztarra. Bietako norbaitek huts egite bat egiten bazuen, garesti ordainduko zuen; izan ere, bien artean zegoen gaurko txapela. Aresoarrak, ordea, ongi eutsi dio ia minutu erdiko aldeari, eta denbora tarte horrekin, dena emanda, helmugaratu da. Amilibiak aurkaria irabazi duela ikusi duenean, trostan iritsi da bukaerara. Hirugarren sailkatua Ane Mendizabal zarauztarra izan da; Pagoetako tontorrean Maite Carrica donostiarra zihoan bere aurretik, baina honek karranpak-edo izan ditu zangoetan eta jaitsieran Mendizabalek aurreratu egin du.

Bikoteak aurretik, astoa atzetik

Bikote mistoko proba lasterketa nagusia baino ordu laurden geroagoa hasita, abiapuntu beretik. Garaipenaren bila zihoanen bikoteak argi erakutsi dute ez direla jolasera etorri, eta horien artean aita-alaba aramarrak. Tropelaren buru jarri dira lehen unetik, erritmo biziari eutsi diote amaierako kilometrora arte. 8 kilometro soilik ditu probak, baina bizia da oso irabaztera doazenentzat. Aurrealdean zebiltzanen artean, postu aldaketak izan dira hasiera batean, baina denbora aurrera joan den neurrian, balizko sailkapena definitzen joan da.

Unanuetarren atzetik (41:02), ia minutu batera, Garazi Artola eta Ion Larrañaga zumaiarrak izan dira bigarren, eta haiengandik 16 segundora, hirugarren tokian, Irune Lertxundi eta Jon Beldarrain oriotarrak. Zarauztarren artean, Rita Aldabaldetreku eta Josu Orbegozo izan da bikote azkarrena; guztira, bederatzigarren sailkatu dira.

Lehia albo batera utzita, bikote askok kirola eginez ondo pasatzeagatik edota mendi lasterketa batean korritzea zer den probatzeagatik hartu dute gaurkoan. Proba osatzea bakarrik erronka handia izan da haientzat, eta haien aurpegietan antzeman da helmugako lerroa zeharkatu dutenean. Hala ere, anekdota txiki bat ere izan dute lasterketa hasieran, bati baino gehiagori susto galanta eman diona: Errotaberri ingurutik asto bat gehitu da lasterketara, Basarte errekaren parean hasten den igoera ondoko zubitxora arte; hor mendian gora egin du hanka abereak. Zorionez, ez du kalterik eragin, eta korrikalariek normaltasunez osatu dute bidea.

SAILKAPENAK

IBILBIDE NAGUSIA GIZONEZKOAK:
  1. Ibai Makazaga Aristi 01:43:46
  2. Aitor Manterola Sagastume 01:45:17
  3. Jokin Egurbide Arriola 01:45:43
IBILBIDE NAGUSIA EMAKUMEZKOAK:
  1. Erika Alvarez Alduncin 02:11:13
  2. Nerea Amilibia Arruti 02:11:41
  3. Ane Mendizabal Etxabe 02:17:47
IBILBIDE MISTOA:
  1. Maider Unanue Aranburu eta Manuel Unanue Arza 41:02
  2. Garazi Artola Balda eta Ion Larrañaga Mujika 42:00
  3. Irune Lertxundi eta Jon Beldarran 42:16
LEHEN ZARAUZTARRAK:
  • Nerea Amilibia Arruti
  • Aitor Manterola Sagastume
  • Rita Aldabaldetreku eta Josu Orbegozo (proba mistoan)
Sailkapen ofizialak ikusteko

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!