[KOMUNITATEA] Etorkin askok ez dute inoiz bere esperientzia kontatzeko aukerarik izango

Erabiltzailearen aurpegia Idoia San Sebastian corta 2020ko abe. 29a, 08:25

Etorkinen Nazioarteko Eguna izan zen abenduaren 18an eta, horren harira, Moussa NDong etorkin senegaldarra elkarrizketatu dugu.
Moussa 2006ko irailaren 3an iritsi zen Kanarietara patera batean, zazpi egun itsaso zabalean eman ondoren. Egun, Santiagoerreka auzoan bizi da. Moussak itsasoan bizitakoa behin eta berriro errepikatzen da, baina etorkin askok ez dute inoiz bere esperientzia kontatzeko aukerarik izango.

Zergatik utzi zenuen zure herrialdea?
Europara etorri naiz bizitzan aukera gehiago izateko. Hogeita hamabi urterekin iritsi nintzen. 2000. urtean presidente aldaketa egon zen Senegalen. Abdoulaye-Waderen txanda zen. Ordurarte alderdi sozialistarekin gertatutakoa kontuan hartuta, itxaropentsu geunden Abdulaye-Wade presidente berriarekin. Baina, tamalez, egoera ez zen aldatu. Adboulaye presidenteak gauza asko aldatuko zituela zin egin zigun, baina, sei urte boterean eman ondoren, ez genuen inolako aldaketarik ikusi. Ustelkeria ez zela desagertzen konturatu ginen eta denak berdin jarraitzen zuela, ezer aldatu gabe. Are gehiago, etorri zirenek botere-gosea zutenez, zeudenek baino gehiago abusatzen zuten. Gehiegizkoa zen. Nire belaunaldiko gazteria lur jota  zegoen, etsita. Nik ezin dut ustelkeria jasan. Hogeita hamabi urteko gazteak, gehienak lanbidedunak, lanik gabe zeuden. Udaltzain nahiz langile soil baten batez besteko soldata 100-200 eurokoa zen. Egoera jasangaitza zen. Etorkizuna, berriz, iluna. Errealitate gordinaren jakitun, senegaldarrok Europara edo Ameriketara jo genuen, aukera gehiago eta etorkizun hobe baten bila, gure familiei lagunduz bidebatez. 
Nolakoa izan zen bidaia?
Oso gogorra. Gaur bertan itsasoz bidaiatu beharko banu, berriro egingo nukeen galdetzen diot nire buruari. Ez dut uste. Europara joateko beste moduren bat topatuko nuke. Bidaiak zazpi egun iraun zuen; horietatik lau, itsasontzia apurtuta. Ez ginen gose, jateko denborarik ez izan arren. Egunean behin jaten genuen. Itsasontzia hautsita zegoenez, arazo asko izan genituen. Ontzia hustu behar izan genuen ura ontzitik atera ahal izateko eta lehorrera salbu iristeko.
Mauritania eta Maroko arteko muga igaro ondorengo egunak oso gogorrak izan ziren, ontzian zeuden berrehun pertsonak handik bizirik ez zirela irtengo uste zutelako. Baina bizirik iraun behar genuenez, GPSak markatzen zigun tokira joatea zen bizirauteko modu bakarra eta GPSak Tenerifera eraman gintuen, zuzen-zuzenean. Hiru gau igaro genituen itsaso zabalean, ontzia apurtuta, Tenerifera iritsi arte. Oso gogorra izan zen. Konortea galdu zuen jende batek, burua galdu zuten beste batzuek. Ura, mango-zuhaitzak, laranja-zuhaitzak ikusten zituztela esaten zizuten. Eguna ala gaua zen galdetzen zizuten. Egunero ontzitik ura ateratzen genuen, hogei edo berrogei laguneko txandak eginez. Egoera hartan ez zen pentsatu behar, egin baizik. Motorra ondo eta gasolio nahikoa genuen, baina ontzia puskatuta zegoenez, ur asko sartzen zen. Gainera, itsasoaren egoera oso txarra zen: korronte handia eta olatu haundiak zeuden. Ontzia olatuak zeharkatuz zihoan. Jende askok burua galdu zuen eta argiak ikusten zituztela esaten hasi zen eta guk ez genien sinetsi. Baina benetako argiak ziren. Bizi-itxaropena sortu zen gure artean: ez naiz ari Europara iristeaz, lurra ikusteaz baizik, edozein lur puska: laster lehorrera joango ginen eta salbu egongo ginen. 2006ko irailaren 3an, goizaldean, Tenerifeko kirol portura iristean, Espainiako salbamendu-ontziekin egin genuen topo. Gu ikusi arren, gauez ezin izan ziren guregana iritsi, ez baikintuzten ondo ikusten. Azkenean, portura iritsi ginen. Egun hartan ez zen inor hil behintzat. Nire bizitzako unerik txarrena izan zen eta ez nioke inori gomendatuko. 
Espainian nola hartu zintuzten?
Iritsi bezain laster, Gurutze Gorriak hartu gintuen. Dutxatu, arropaz aldatu eta, hiru egunez atseden hartu ondoren, jendea oso atsegina izan zen gurekin, ahalik eta gehien lagunduz, hizkuntzarekin batik-bat. Bidaiari buruz ere galdetu ziguten.
Zure kulturaren falta sentitzen al duzu?
Nire familiaren falta sentitzen dut gehienbat, Senegalen utzi dudan familia. Nik ditudan baliabide guztiak nire familiarentzat dira. Anai zaharrena naiz. Zazpi anai-arreba gazteagoak ditut, baliabiderik gabekoak, familia txiroa, eta zaindu behar ditut. 
Arazorik izan al duzu hemengo kulturara egokitzeko?
Hemengo kultura gustuko dut. Bizi naizen herrialdeko kultura ezagutzea gustatzen zait: musika, artea, ohiturak... Euskal Herrian, gainera, bertako hizkuntza daukazue, euskara. Ulertzea gustatuko litzaidake, baina kosta egiten zait. 
Nolakoa da jende euskalduna?
Jatorra. Hori bai, euskal gizartean integratzeko ezagutu egin behar zaituzte. Euskal gizartea atez ateko gizartea da, oso familiarra. Euskaraz hitz egiten baduzu, berehala integratzen zara. 
Euskaldunen kulturaren zein alderdi gustatzen zaizkizu eta zergatik?
Euskaldunak gustuko ditut, beren kultura,  musika, dantza eta hizkuntza defenditzen dituztelako. Euskaldunek euskaldunen alde egiten dute. Euskaldun batek bertako produktua erosten du kanpotik datorrena baino lehen. Senegalen kontrakoa gertatzen da. Senegalgo gizarteari kanpotik datorrena gustatzen zaio.
Zer esango zenieke etorkinak onartzen ez dituen jendeari?
Etorkinak lan egiteko daude hemen. Etorkin gehienak langileak dira, lanera etortzen dira. Imigrazioa beti izan da plus bat edozein gizartearentzat.
Zer iritzi duzu imigrazio-politikei buruz?
Ez dut esango tratu txarrik ematen digutenik, baina etorkinek Espainian paperak lortzeko jartzen dituzten baldintzak gehiegizkoak direla uste dut. Esaterako, urtebeteko lan-kontratua. Ezagutzen ez zaituen pertsona batek urtebeteko lan-kontratua egingo al dizu, bertakoentzat ia ezinezkoa denean urtebeteko kontratua lortzea? 2006. urtean Espainiara iritsitako senegaldarren erdia Frantzian eta Italian dago orain, aukera gehiago dituztelako, Espainian traba asko baitituzte paperak lortu ahal izateko. Italiak dagoeneko bost aldiz eskaini dizkie paperak etorkinei. Nik neuk hamabi urte ondoren lortu ditu paperak. Ulertezina da. Espainiak atzerritartasun-legeak aldatu behar ditu, lanera datozen etorkinei paperak emateko.
Europara lanera bazatoz eta ezin baduzu lanik egin, zer egin dezakezu? Gehiengoa kaleko saltzaile bihurtzen da. Baina ez dira izatez saltzaileak, ez. Gehiengoak bere lanbidea du. Baina saltzea beste aukerarik ez dute, delinkuentzia saihesteko. Saltzen ez badute, ez dute jaten. Ez dute kutxazain baten ondoan jarri nahi diru eske. Senegaldarroi ez zaigu eskatzea gustatzen. Ez gatoz laguntza eske, lan egitera baizik. Lan egin nahi dugu soldataren truke, gainontzekoak bezalaxe.
Zure herrialdera bueltatzea gustatuko al litzaizuke?
Bai, noski. Familia ikusi nahiko nuke.
Nola ikusten duzu Senegalen etorkizuna?
Senegalen etorkizuna konplexua da, ustelkeriagatik. Administrazioa oso ustela da. Gainera, Senegal Frantziaren menpe dago. Herrialdeko gauza on guztiak frantsesek eskuratzen dituzte. Dirua ematen duen guztia frantsesen esku dago. Senegal zulo honetatik ateratzea ez da erraza izango. Ez naiz borrokaz edo gudaz ari, politikaz baizik. Politika aldatu behar da Senegalen. Afrikan eta Latinoamerikan gertatzen ari dena ez da normala. Horrela, herrialde horiek ez dira inoiz pobreziatik aterako.
Senegalgo gazteek ez lukete kanpora joan behar lan bila; gauza asko dago egiteke Senegalen. Baina dena bitartekarien esku dago. Norberak egin dezakeen lana, hiru eskuetatik pasatu behar du norberarengana heldu ahal izateko. Horrela Senegal ez da inoiz zulotik aterako. Herrialdeko aberastasun guztia gaizki kudeatzen ari da.  Senegalek urrea, petrolioa, fosfatoa, ura eta lurrak ditu, baina nola kudeatzen duten ikusteak min ematen du. 





KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!