Estrategia berria aurkeztuko du Usurbilen GuraSOS elkarteak osteguneko hitzorduan

Erabiltzailearen aurpegia Irriparra berreskuratu!! 2022ko urr. 18a, 12:22

Hitzaldia eta bilera batuko dituen ekitaldia deitu du GuraSOSek, urriaren 20an, 19:00etan Sutegin.

Ekitaldi bakar eta berean, GuraSOSek hitzaldia eta bilera deitu ditu ostegunerako, urriaren 20rako, 19:00etan hasita, Usurbilgo Sutegi aretoan. Hitzaldiari dagokionean, Fernando Palacios zientzialariak eta Joseba Belaustegi abokatuak hartuko dute hitza. Lehenak erraustegia sortzen ari den kutsadura larriaren berri emango du, (dioxina eta bestelako toxikoekin) eta azalduko du honen eragina zein den ingurugiroan eta osasunean. Bigarrenak gertaera hauen ikerketa judiziala eta polizialaren azken berriak azalduko ditu.

"Hitzaldiaren bukaeran, berriz, estrategia berria labur zuekin partekatuko dugu", adierazi dute. Izan ere, GuraSOSetik ohartarazi dutenez, "erraustegiko proiektua inoiz baino ahulago dago eta inoiz baino baldintza hobeagoak daude geldiarazteko". Zehaztu dutenez, "transformadore nagusia izorratu dute, kutsadura oso larria atzeman da lurretan, azpiko uretan eta azaleko uretan, horien artean dioxinenak... Hori dela eta hainbat ikerketa kriminal irekita daude epaitegian nahiz fiskaltzan....". Testuinguru honetan, "GuraSOSek erabaki du sozializazioa, sentsibilizazioa eta mobilizazio soziala berpiztea. Berriro aktibatzera goaz eta zuen beharra izango dugu antolatuko ditugun hainbat ekimen aurrera eramateko edota mezuak zabaltzeko".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!