Indar entrenamendua

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Olasagasti 2021ko abu. 13a, 09:00

Uztaileko KARKARA aldizkarian plazaratutako artikulua, 'Osasuna' atalean.

Ikasturtean zehar bezero batek aipatu zidan oso emakume gutxi ikusten zituela kiroldegiko muskulazio gunean. Nik, aldiz, erantzun, gidatutako jardueretan ere oso gizonezko gutxi ikusten nituela. Bera mutu, eta airean gelditu zitzaigun bioi galdera: non ote dago arazoa? 

Sarri entzun izan dugu –jendeak ere asko aipatzen du– kosta egiten dela emakumeak muskulazio gunera gerturatzea. Hala ere, heziketa lan handia egiten ari da gizartea, eta gazteengan ere aldatzen doa joera hori. Ikusi besterik ez dago eguneko ordu batzuetan zenbat emakumezko gerturatzen diren muskulazio gunera. 

Baina zer da indar entrenamendua?  Indarra, gihar uzkurduraren bidez, kanpoko erresistentziaren (grabitate, pisu edo aurkakoaren indarraren) kontra jarduteko gizakiok dugun kapazitatea edo ahalmena dela esan dezakegu. Beraz, indar entrenamendua ekintza hori lantzen duen ariketa-jarduera orori deritzo.

Bestalde, gidatutako saioetara gizonezkoak gerturatzea ere ez da lan erraza. Ezin ahaztu, indarra lantzea bezain garrantzitsua dela mugikortasuna, arnasketa, koordinazioa eta beste hainbat gaitasun aktibatzea eta lantzea.

Airean utzi dugun galdera horretan badira hainbat uste eta aurreiritzi. Esaterako, zergatik lotzen ditugu beti indar entrenamenduak pertsona gihartsuekin edo pisu eta muskulazio makinekin? Kulturisten gorputzak etortzen zaizkigu burura, indarra lantzearekin puztu egingo garela uste dugu. Aldiz, ez dugu indar entrenamendua emakumezkoen rolarekin eta argaltze prozesuarekin lotzen. Hortxe bi aurreiritzi oker.

Argi utzi behar dugu indarra lantzean ez dela beti hipertrofia gauzatzen (muskulu baten tamaina edo bere sekzio gurutzatua areagotzea da), nahiz eta muskulazio gunean askok hori bilatzen eta lantzen duten. Aldiz, gidatutako saioak ere ez dira beti saio koreografiatuak izaten. Gizonezko askok aitzakia moduan hori erabiltzen dute: ez direla batere iaioak koreografia edo dantza estiloan. Lotsak alde batera utzi eta saioren bat probatzera animatuko nituzke, gidatutako saioetan ere indarra lantzen dugula ikus dezaten, eta muskulazio salan bezainbeste izerdi, neke edo agujeta izan ditzaketela egiazta dezaten. 

Pisua mugitzeaz harago doa indar entrenamendua. Adibide moduan esan, osteoporosiaren prebentzioan sekulako garrantzia duela indarra lantzeak, zer esanik ez osasunaren egoera orokorrerako. Horregatik, azken hilabeteetan taldetxo bat osatu dugu. Bertan, indarra landuz, karga eta inpaktu kontrolatuarekin muskulua indartuz, etorkizuneko osteoporosiari aurre egiten aritzen gara.

Azkenik, ez dugu ahaztu behar argaltze programetan ere egokiena dela lan kardiobaskularra indar entrenamenduarekin uztartzea. 

Aurreiritzi eta usteak alboratu eta indar entrenamendu egoki bat egitera bultzatzen zaituztet. Muskulazio gunean zein gidatutako saioan, betiere eta batik bat hasieran, aditu baten laguntzaz. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!