Ororen gainetik, kazetaritza

Erabiltzailearen aurpegia Jakes Goikoetxea 2023ko urr. 2a, 09:00

2023ko iraileko Karkara aldizkarirako Jakes Goikoetxeak idatzitako iritzi artikulua da honakoa. Karkaratik GUKArako bidea du hizpide Goikoetxeak.

Beti esaten dut: Karkara izan zen nire lehen kazetaritza eskola, Karkaran ezagutu nuen kazetaritza, 1990eko hamarkadan. Fakultatean irakasten zutenak ez zuen askorik balio kultur etxeko bulegoan entzun, ikusi, esan eta egiten zenaren aldean. Karkarakoak bai irakasleak, hura bai urteetako eskarmentuaren eta ezagutzaren transmisioa, beteranoen eta hasiberrien artekoa. Eta talde lana. Kazetaritza talde lana dela ere ikasi nuen.

Bizimodua aldatu da, mundua aldatu da eta kazetaritza ere aldatu da. Kazetaritza baino gehiago, kazetaritza egiteko eta erakusteko modua. Teknologia berriek kazetaritza egiteko eta kazetaritza jasotzeko modu berriak sortu, garatu eta zabaldu dituzte. Baita herri aldizkarietan ere. Behar berriak sortu dira, eta erantzun berriak eman behar izan zaizkie. Baina kazetaritza izaten jarraitzen du.

Karkarak ere egokitu behar izan du gaur egungo komunikazioaren itsaso horretan nabigatu ahal izateko. Ekaitzez, olatuz eta, batez ere, ziurgabetasunez betetako itsasoa. Sarritan GPSek, radarrek eta iparrorratzek balio ez duten itsasoa, norabide aldaketak egitera behartzen duena, nora iritsiko den garbi jakin gabe. Paperean, Interneten eta ikus- entzunezkoetan. Helburua ahaztu gabe: herritarrak euskaraz informatzea, herritarrek haien gertuko informazioa euskaraz jasotzea.

Komunikazioaren itsasoa zabala eta ziurgabea denez, hobe eskifaia handiagoarekin eta ontzi sendoagoarekin nabigatzea. Urrunago eta, komunikabideen kasuan, jende gehiagorengana iristeko. Horregatik, 2019tik, talde zabalago bateko kide da Karkara: UKT Urolako Komunikazio Taldea kooperatiba. Lau aldizkari, egunkari bat, telebista bat eta sei webgune.

UKTren marka ere ari da zabaltzen haren produktuetan: Guka. Eta taldeko aldizkarien jatorrizko izenak ordezkatuko ditu, baita Karkara bera ere. Herritar batzuei min egingo die; beste batzuei ez zaie hainbesterako irudituko; askok Karkara deitzen jarraituko diote; eta despistaturen bat ez da konturatu ere egingo. Karkara hitzak kalexka esan nahi du, pasabidea, kale nagusiak lotzen dituen bidea. Euskaltzaindiaren arabera —karkaba jasotzen du— "bi etxeren edo bi etxe ilararen arteko pasabide estua, berez, kalea ez dena". Izenak izen, karkara izaten jarraitzeko eskatuko diot nik. Herritarren artekoa, euskararen, kazetaritzaren eta komunikazioaren bidez. Duintasunez eta profesionaltasunez. Sinesgarritasunarekin. Jarrai dezala informatzen, garai berrietan eta euskarri berrietan, baina aurrekoen ubera jarraituz

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!