Lehiaketa, kultura eta sormen industriak sustatzeko logoa eta leloa sortzeko

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Udal Elkartea 2017ko ira. 15a, 11:14

Aurkezteko epe-muga urriaren 11 izango da eta irabazleak 1.200,00 euroko saria eramango du.

Urola Kostako Udal Elkarteak lehiaketa antolatu du, eskualdeko kultura eta sormen industriak sustatzeko bideratuko dituen ekimenetan erabiliko duen leloa eta irudia sortzeko.

Udal Elkarteak 2017an zehar eskualdeko kultura eta sormen industrien gaitasun, ahultasun eta beharren azterketa egin du "Urola Kosta, eskualde Sortzailea" izeneko egitasmoaren bidez (Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gipuzkoako lehiakortasuna eta lurralde kohesioa sustatzeko programaren laguntzarekin garatutako egitasmoa). Sektoreko enpresa, eragile eta profesionalekin hainbat topaketa egin ondoren, agerian geratu da arlo hori indartu eta sendotzeko premiazkoa dela sektorean sare bat eratzea, sektorea profesionalizatzea eta sektoreari ikusgarritasuna ematea.

Horren haritik, beraz, Udal Elkarteak ekimen horietan erabiliko den leloa eta logoa sortzeko lehiaketa antolatu du.

Parte hartzeko baldintzak

Lehiaketan parte hartu ahal izango dute 18 urte baino gehiago dituzten eta Udal Elkartea osatzen duten udalerrietan (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian) kultura eta sormen industrien alorrean diharduten pertsona, enpresa eta ekintzaileek.

Non eta noiz aurkeztu

Proposamenak aurkeztu behar dira Udal Elkartearen egoitza nagusian (Urdaneta bidea 6, 20800 Zarautz). Epea amaituko da urriaren 11n.

Zer aurkeztu

Oinarrietan daude zehaztuta aurkeztu behar diren dokumentu eta euskarriak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!