'Bekaduna'

Erabiltzailearen aurpegia

Aroa Fernandez aiarrak KARKARAn udan bekadun bezala izandako esperientziaren inguruan idatzi du.

Dei batekin hasi nuen udako abentura hau. Aste batzuk lehenago, KARKARAko kazetari bat hurbildu zen Aiara gazteleku berriaren inguruan galdezka, eta zorionez, elkarrizketatuen artean izatea suertatu zitzaidan. Hala, oporretatik bueltan nentorrela, zenbaki ezezagun bat azaldu zitzaidan mugikorreko pantailan.

KARKARAko kazetaria zen. Praktiketarako ikus-entzunezko ikasle baten bila zebiltzala esan eta ea animatzen nintzen galdetu zidan. Ikus-entzunezko praktikak baino gehiago, kazetaritzakoak izan direla aitortu behar dut, baina ez pentsa txarrerako izan denik.

Alderantziz: nire ibilbide honetan onuragarri izango diren hainbat gauza ikasi ditut: laurogeigarren hamarkada amaieran hasitako KARKARAko argazki artxibo erraldoian, aurpegi ezagunez betetako altxorrak aurkitu ditut, asteartero arraunlari berri baten bizitza ezagutzeko aukera izan dut, eta herriko aldizkarikoa naizela esan dudanetan, leku mordo batean sartu ahal izan naiz.

Balorazio bat egite aldera, uda honek gauza berriak ikasteko, eta batez ere, idazteko beldurrak kentzeko balio izan didala esango nuke.

Orain Italiara noa Erasmus programarekin, baina lasai, ikasitakoak motxilan eramango ditut.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!