Iritziak iritzi

Erabiltzailearen aurpegia Eli Huegun 2019ko mar. 30a, 14:30

Norberaren iritzia ematearen mundu txundigarri honetan, onartu behar dut kosta egiten zaidala errealitatearen irakurketa txapuzero baten arabera sortu diren iritzi horiek irakurtzea. Gerrarako grina sartzen zait.

Martxoaren 8ko manifestazioa, Madrilen. Berandu noa, harritzekoa. Heltzen naizenerako kale nagusia leporaino dago, beheko plazara jaistea da nire asmoa, udaletxe parera, baina hara iristerako egin beharreko kilometro erdian dauden -gauden- milaka pertsonek  ezinezkoa egiten didate nahi nuen lekura iristea. Nahi baino beranduago iristearen ondorioak.

Manifestazioaren puntu horretan, hasieran, gehien harritzen nauena jendearen adina da: hirugarren adineko jendea da nagusi, zalantzarik gabe. Hurrengo egunetan hedabideetan irakurriko dudan artikulu bat ezeztatuko du argazki horrek, neska nerabe engainatuak baino joan ez zirela esaten zuena. Artikuluak, noski, ehundaka sarrera sarean, adoktrinamenduaren arriskuez iritzia emanez gehienak.

Masa barnera sartu ordez, izkina batean itxaron dut, aurrerago sartzeko asmotan. Ezin badut nahi nuen manifaren puntura neroni iritsi, manifa nigana iritsi arte zain egon beharko. Jendeak aurrera egin ahala, gazte engainatu horiek hasi dira agertzen, eta eurekin batera, dozenaka kartel. Bagoaz jendartera.

Gustatu zaizkidan kartelei argazkia atera diet: ez erosi, adoptatu; amantala traspasatzen da, negozio ona, inoiz ez da lanik falta; askatasuna jardunez ulertzen da… Bada imajinazioa duen jendea e? joño.

Ibilbidearen amaierara hurbiltzen ari garela, hiriko areto ezagunenetako baten parean geratu naiz. Neoizko argien azpiko pantailan, manifestazioaren aldeko esaldiak: ez da zortea izango, feminismoa izango da; ez da rock&rolla izango, feminismoa izango da; M8 Madril feminista. Rock and rollarena ez dut oso ondo ulertu baina ez diot kasu handiegirik egin, emakume ugari ikusi ditut bertan lanean eta greba laborala etorri zait gogora, enpresarena zein puntutaraino ote den postureoa geratu naiz pentsatzen.

Hurrengo egunetan berriro gogoratuko naiz une horrekin, zuzentasun politikoaren mantrak edonora jarraituko baitit. Manifestazioa amaitu da, eta banoa handik. Bidean, auto baten gainean kartel bat ikusi dut, ez dakit abandonatu egin duten edo nahita utzi bertan. Baina zera dio: gure begiak izango bazenituzte, gurekin batera egingo zenukete oihu. Hori ba.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!