Oroimenaren kutxa

Emakume arrantzaleak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2019ko urt. 30a, 09:59

Euskadi Irratian entzun nuen: Santurtzin eta Orion bakarrik omen daude –Euskadin–, kalean, emakume konkretu bati eskainitako bustoak: Santurtzin, Dolores Ibarruri La Pasionaria; eta Orion, Maria Camino Maria Maestra. Izugarria, pentsatu nuen, baina gehiegizkoa egia izateko.

Biharamunean Aian egokitu nintzen. Hango kanposantuaren aurreko iturriaren ondoan, emakume baten bustoa ikusi nuen. Maria Aurizenearena da. Han zen andre batek esan zidan Maria herriko idazkaria izan zela, etxean botika-zerbitzua eskaintzen zuena. Erantsi zuen Aian badela beste batena ere, Pepita Zabalarena. Pepita serora zen eta kanpai jolea, kanpai hotsek esanahi asko eta handia zutenean.

Donostian Kontxako pasealekuan estatua bat dago. Hauxe dio haren azpiko idatziak: Clara Campoamor. Donostian lurperatua. 1931n Emakumeen botoa lortu zuen. Askatasuna eta berdintasuna, erabiliz ikasten dira. Nolanahi ere, emakumeak presentzia txikia du bizitza publikoan. Anjel Lertxundik artikulu batean zioen Zarautzen kale bakarra dagoela emakume baten izena duena, Maria Etxetxiki. Orion ez dago bakarra ere.

Clara Campoamorrek aldarrikatzen zuena egin nahi izan zuten Orion emakume batzuek 1780an: askatasuna erabili, berdintasuna lortzeko. Jose Antonio Azpiazuren Euskal emakumeak eta itsasoa lanean irakur daiteke Orion 1780an gertatutako auzia.

Orioko orduko alkate Juan Migel Sagarzazuk debekatu egin zien emakumeei, arrazoi moralengatik, errioan arrantzan ibiltzea, uretan sartuta. Haren iritziz, ez zen onargarria: no es propio de mujeres el ejercicio de la pesca en la ría entrando en agua, por su indecencia, y mal parecer en público desnudas lo más del cuerpo, especialmente así mezcladas con los hombres que frecuentemente concurren a dicho trabajo; nunca jamás se aprobó, antes bien, siempre se les ha afeado por los señores alcaldes y personas celosas de esta villa, aunque sacando poco fruto, obediencia y respeto a la justicia, por haber sido sus providencias solo verbales.

Horregatik, eta emakumeen lotsagarrikeriari bukaera emateko, agindua eman zuen, idatziz, emakumeari galarazteko errioan sartzea, uretan edo lokatzetan, arrantza egitera. Eta obeditzen ez zuenari dukat 1eko isuna jarriko zitzaiola, aurrenekoan; 2.ean, 2koa; 3.ean, 4koa; eta hurrengoan, kartzelara.

Azpiazuk dioenez, Orioko orduko emakumeek nortasuna erakutsi zuten agintarien debekuen aurrean: gizonezkoek bezala arrantzan ibiltzeko eskubidearen alde borrokatu ziren; ez zuten lotsarik gonak jaso eta uretan sartzeko, eta lan eginez bizimodua aurrera ateratzeko.

Gaur egun emakume askok hartu dute toki nabarmena gizartean. Orioko Udalak noizbait erabaki beharko balu zer emakumeri eman herriko zerbaiten izena, aukera asko izan litzake. Kirolaren praktikan emakume asko murgildu dira: arrauna, sofbola, futbola, pilota, saskibaloian… Aurten, adin batetik gorako emakumeak, lehen arraunean ibili gabeak, serio entrenatzen dabiltza udan Bilbo eta Orio arteko itsas miliak traineruan egiteko. Izen adierazgarria du haien ahaleginak: Zergatik ez?.

Gaztetxearen kanpoaldean herriko emakume baten irudia margotu dute, izena erantsita: Kaxilda plaza. Emakume horrek beti erakusten duen kemena eta ausardia nabarmendu nahiko zuten gazteek.

Lehen debekatua zuten bestelako eremuetan ere sartu dira emakumeak, eta tokia hartu. Ez da aspaldi emakume bat izan zela herriko alkate. Udaltzainak ere badira…

Orain urte gutxi arte, idatzi gabeko arau batek elizako koruan sartzea galarazten zion emakumeari. Gaur egun, emakumez osatutako koruak alaitzen du igandeko meza nagusia. Koruan ez ezik aldarean ere izan dute sarbidea. Emakumea izaten da gehienetan ebanjelioa irakurtzen, komunioan forma ematen ere aritzen dira.

Apaizik ez dago emakumezkorik. Quosque tandem? Noiz arte?

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!