Oroimenaren kutxa

Gaztetxoak sormena lantzen: herriko idazleak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2019ko urt. 30a, 10:17
Orioko haurrak, udaletxean, literatur lehiaketaren sari banaketan. KARKARA

Mendian loreak nola, horrela sortzen dira kultur ekitaldiak Orion maiatzean.Aurtengoan, natura bezain emankorra izan dugu kultura. Eta kultur ekitaldien barruan, literaturak toki pixka bat izan du.

Maiatzaren 11n sari-banaketa izan zen udaletxeko aretoan, haur eta gaztetxoen aurtengo literatur lehiaketarena. Olerki, bertso, ipuin edo marrazkia, horiexek artista oriotarrek sortu eta Udalak saritutako lanak. Maiatzaren 22an, berriz, herriko bi eskoletako lehen hezkuntzako ikasleak bertsotan aritu ziren jende aurrean Gu ere bertsolari programaren barruan.

Iñaki Gurrutxagak bideratuta, jendez beteta zegoen Ikastolako aretoan.

Maiatzaren 6an herriko plazan jarri zuten artisautza azokaren barruan oso eskaintza bitxia izan zen: mahai batean ipuinak zeuzkan ikusgai eta eskuragai Josu Galdosek, berak idatzi eta editatuak.

Maiatzaren 18an, Zarauzko Udalak antolatutako Salbatore Mitxelena literatur lehiaketaren sariak banatu zituzten. Asier Zubizarreta Xubi oriotarrak lehen saria eskuratu zuen Egia biluzik olerkiarekin. Gainerako lan sarituekin batera, liburuxka batean plazaratuko da olerkia. Horixe saria, 300 euroez gain. Xubiren poemak gizartearen kritika egiten du; gazteak agintarien iruzurrei jaurtitako oihu ozena da.

Asierrek, beraz, jaioterriaren mugetatik kanpoko saria bereganatu du. Urte batzuk lehenago, izan ziren hiru neska Eusko Jaurlaritzaren Urruzuno literatur lehiaketa irabazi zutenak: Orioko Ikastolan zebiltzan Nere Manterola, Maialen Sarasua eta Goiuri Unanue.

Nerek Bizitzeko arrazoia ipuinarekin irabazi zuen 1991n; eta Paris, Berlin eta Pragaraino eraman zuen bidaia izan zuen sari. Maialenek  Azken itsas bidaia olerkiarekin, 2001ean. Bretainia, Normandia eta Holandara bidaiatu zuen. Eta Goiurik, Ipuin bat ordubetean ipuinarekin, 2010ean; Galiziara eraman zuen Xabi Paiak gidatutako bidaiak. Idatzitakoa liburuan plazaratzea eta bidaia izan  zuten sari hiru neskek.

Herriko liburutegiko arduradun Mirenek armairutxo bat antolatu du liburutegiko apalen ondoan, Orioko idazleen liburuek beren txoko propioa izan dezaten. Herriaren historian ez da idazle askorik izan, baina batzuk bai. Egile horiek honelako izenak dauzkate: Anjel, Jose, Manuel, Fabian, Joakin, Luis, Iñaki, Manu, Ibai, Xabier, Iñaki, Rikardo, Ruben, Iñigo... Neska baten izena ageri da, Loren, beste batekin egindako liburu baten egile. Nahi duenak gai polita du aztertzeko: zergatik diren hiru neska gaztetxotan Eusko Jaurlaritzaren saria eskuratu dutenak eta zergatik ez dagoen emakumeak idatzitako alerik herriko idazleen liburuen artean.

Herritarrek irakurtzea eta idazten jakitea ona omen da. Topiko onartua da hori. Baina toki batzuetan horrek gero ez dauka segida logikorik. Literatura ere ekosistema bat da, zaindu eta babestu beharrekoa, ureztatzea eskatzen duena. Ureztatzaile, etxekoez gain, herriak behar du izan, eskolek eta Udalak bereziki.

Igeri egiten ezin da ikasi putzuan murgildu gabe. Arraunlariak entrenatu egiten dira estropadarako. Idazten ere ezin da ikasi idatzi gabe, eta ondo idazteko entrenatu egin behar da. Entrenatzeko aukera eta modua eman behar zaie gaztetxoei. Karkara izan da gazte askoren trebalekua, idazteko ariketan; eta azken urteotan Ikasleak idazle izeneko atala dauka gaztetxoak idaztera bideratzeko. Udalak, berriz, Euskaraz gazte literatur lehiaketa antolatzen du urtero helduentzat.

Ikusten, sentitzen eta margotzen dudana da nire aberastasuna. Horixe zioen maiatzean kultur etxean bere margolanak erakutsi dituen Fatiha emakume marokoarrak. Idazleen bidean, bestelako saririk ezean ere, onena idaztean egiten den prozesu sortzailea bizitzea da, hura unez une gozatzea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!