PAPEREKOA

Iruntxiberriko senideen Santu Guztien festa

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2019ko urr. 31a, 13:30

KARKARAren 410. zenbakiko 'Oroimenaren Kutxa' atalean, Iñaki Iturainek partekatutako testua.

A zaroaren 1ean Aia eta Orioko familia askotan gogora ekarriko dituzte beren hildakoak, etxekoak. Horixe egingo du Andatza auzoko Aristerrazu baserrian bizi den Felisa Albeniz Maizek bere anai-ahizpekin. Iruntxiberri baserrian jaiota, bizirik diren 10 senideek joandakoak oroituko dituzte, urtero bezala denak elkartuta.

Andatzako San Pedro ermita ondoko Aristerrazu baserri-jatetxeko etxean bizi da Felisa, 93 urteko amona, hango sukaldean lan egiten du. Santu Guztien egunean hara bilduko dira hamarrak bazkaltzera, aspaldiko urteetan bezalaxe. Aurretik, meza nagusia entzungo dute Aiako elizan eta, ondoren, hilerrira joango dira, hango hilobian lurperatutako senideei bisita egitera. Horixe dute errituala.

Belaunaldi gutxitan asko aldatu dira ohiturak, heriotzaren aurreko gure jarrera eta jokaera. Kultura oso bat sortu da heriotzaren inguruan: dolua, lutoa, kolore beltza, erritualak, fedea, sineskerak, erlijioak, azken igurtzia, zerua eta infernua, beldurra, lurperatzea, hilobiratzea, erraustea, loreak, hil-kanpaiak, hileta, agurra, eskela, egun handira arte… `Goian bego´tik `Gugan bego´ra pasatu gara, lurperatzetik erraustera. Ohituretan bezala izan dira aldaketak, baita ere, seme-alaben kopuruan, haien izenetan, bizimoduan, ofizioetan... Hori garbi ikusten da Iruntxiberrikoei erreparatuta.

Iruntxiberri baserria Aiako Andatza auzoan dago, handik Aiara doan errepidearen ondoan, eskuinaldean. Baserria hutsik dago, 1950etik ez da inor bizi. Zutik pareta batzuk geratzen dira. Baina han 13 senide jaio ziren 1920 ingurutik 1943 bitartean: zazpi mutil eta sei neska. Haietako hamar bizi dira: Felisa (93 urte), Pedro (91, Ramon (89), Antonio (87), Maria (85), Benigno (84), Leon (82), Pili (80), Manuel (78) eta Rosi (76 urte). Santu guztien egunean gogora ekarriko dituzte hildako hiru anai-arrebak, etxeko hiru zaharrenak: Juanita, Manuela eta Jose; eta nola ez, gurasoak ere bai: Jose Mari Albeniz eta Antxoni Maiz.

Horretarako, bakoitza bizi den tokitik etorriko da Aristerrazura, bat urrutitik: Palmatik; gainerakoak, Hernani, Eibar, Donostia edo Andoaindik. Hiru bizi dira Aian: Felisa, Aristerrazun; Ramon, Azkorten; eta Antonio, Aialdeburun. Juanita zena Untzantzoro baserrian bizi izan zen. Azaroaren lehenean bakarrik elkartzen dira; horregatik da haientzat horren inportantea egun hori. Bazkaria ere ez dute nolanahikoa izango: frijituak, arrain zopa, entsalada, arkumea, legatza eta txuleta izango dituzte aukeran.

Euskal Herriko nekazari-tradizioei lotutako lanbideetan ibili dira gehienak: baserriko lanak, etxekoandre. Benigno etxe-eraikuntzan aritu da ofizioz, uztargile afizioz. Ibon Gaztañazpik ETB1eko Herri People saiorako elkarrizketatu zuen. Leonek lanbide asko izan ditu bere denboran: konstrukzioan ibili zen, ile-apaintzaile, okina izan zen, zurgina, tabernaria eta liburu- banatzailea, baina batez ere herri kiroletan nabarmendu da, ospetsua izan da Euskal Herri osoan. Jose Migel Maiz korrikalari izandakoa ere lehengusua dute, amaren aldetik. Maizek Lasarteko krosa irabazi zuen 1968an; bera da oraindik ere maila nagusian irabazi duen euskaldun bakarra. 

Kasta gogorreko jendea dira Iruntxiberriko denak ere. Benignoren alaba Olatzek gogoan du nola joaten zen Hernanin bizi zen Manuela, 90 urte zituela, hango atletismo-pistara, kale jantzian, korrika pixka bat egitera.

Urte askoan ospa dezazuela elkarrekin Santu Guztien eguna!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!