'Horregatik ez, horrez gain'

Erabiltzailearen aurpegia Intza Unanue 2018ko abe. 7a, 12:58

Intza Unanuek KARKARAko 400.zenbakian idatzitako iritzi artikulua: Benito Lertxundiren kontzertuko kronikan, behin eta berriz goraipatzen ziren taldeko musikariak. Noski, ez Olatz Zugasti ez ni ez ginen sartzen musikarien talde horretan, kazetariaren esanetan 'las dos féminas de la alineación' baikara.

Artikulu hau idazten hasterako, azken aldian gehien haserretu eta mindu nauten egoeren inguruan ideien bilketa egiten jarri naiz. Gai gehitxo etorri zaizkit burura, baina guztien artean bat izan da behin eta berriz nire garunetik bidaia egin duena.

Iaz, Benito Lertxundirekin Basaurin izan ginen kontzertua eskaintzen. Benito eta bederatzi musikari, guztira. Emanaldi horren inguruan estatuko egunkari batek kronika bat publikatu zuen, urte asko arlo horretan lanean daramatzan kazetari batek idatzia.

Behin eta berriz goraipatzen ziren bertan taldeko musikariak. Noski, ez Olatz Zugasti ez ni ez ginen sartzen musikarien talde horretan, kazetariaren esanetan 'las dos féminas de la alineación' baikara.

Bai, taldean, dirudienez, alde batetik musikariak daude, gizonezkoak alegia, eta gero gu gaude, loreontziak agian. Joan gaitezen datuetara, bada, izan ere nik zortzi urte daramatzat Benito Lertxundiren musikari taldearen parte izaten… Baliteke urte gehiago behar izatea benetako musikari bezala hartu dezadan eta dezaten nire burua. Baina Olatz Zugastik 27 urte daramatza kantautore bakarkako ibilbidean murgildurik. 35 urte, Lertxundiren musikaria izaten. Ez 'fémina'. Ez 'florero'.

Ez al zaizue iruditzen badela garaia oholtzara begiratzean musikariak, artistak, bertsolariak… ikustekoa eta ez gizon zein emakumeak? Denok egiten dugu gogor lan helburuetara iristeko. Beraz, baloratu behar bazaigu, egiten dugun horren kalitatearen inguruan izan dadila.

Izaro abeslariaren kontzertu batean bere ahotik entzun nuen esaldi batek dioen moduan, industria honen parte garen emakumezkoak ez gaude hemen bi titi eta alua izateagatik, izan ere: ez gara honaino iritsi horri esker, horrez gain iritsi garan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!