Ekitaldia antolatu du Udalak azaroaren 10ean, Memoriaren Eguna dela-eta

Erabiltzailearen aurpegia Orioko Udala 2016ko aza. 10a, 08:17

Azaroaren 10ean ospatzen da Euskadiko Autonomia Erkidegoan Memoriaren Eguna, hori delako egutegiko egun bakarra terrorismoagatik hildako pertsonarik inoiz izan ez dena. Memoriaren Eguna dela-eta, ekitaldia antolatu du Orioko Udalak Herriko Plazan, 19:00etan hasita.

Ekitaldi horren bidez, Udalak gogora ekarriko ditu indarkeriaren eta terrorismoaren biktima guztiak.

Ekitaldi irekia izango da eta Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu parte hartzera. Bertan Udalak adierazpen bat irakurriko du, Udaleko talde politiko guztien artean adostu dutena eta, ondoren, bost minutuko isilaldia izango da.

Bizikidetza batzordearen barruan Udaleko talde politiko guztiek hainbat bilera egin dituzte, gaiaz hitz egiteko eta, lan horren fruitu, adierazpen publiko bat adostu dute, ekitaldian irakurriko dutena.

Adierazpenaren testua

Adierazpenak honela dio, euskaraz:

Gaur hemen, azaroak 10, Memoriaren Egunean, Orioko plazan elkartu gara udal ordezkariak eta herritarrak, indarkeriaren eta terrorismoaren biktimak gogoratzeko. Izandako biktima guztiak aintzat hartzen ditugu, gatazka honetan jazarpena bizi izan duten herritarrak direlako eta ez zuelako inoiz gertatu behar. Biktima guztiek merezi dute egia, justizia eta aitortza. Berek bizi izandako injustizia salatu nahi dugu eta, aldi berean, errepika ez dadin, gogoratu.

Kontziente gara herritarren bizikidetzan urtetan izandako biolentziak eta terrorismoak eragindako kaltea oso handia dela eta samin ugari eragin dituela. Herritarren artean urruntasuna, bazterkeria, ezinikusia, beldurra, isiltasuna eta bestelako sufrimenduak eragin ditu. Jakin badakigu zauri sakon asko dagoela oraindik orbaindu gabe eta, ziurrenik, denbora eta lanketa handia beharko duela guztiak ondu arte.

Orioko Udalak bere alea jarri nahi du bide horretan, jakinda ez dela erraza izango. Zentzu horretan, Udalak urteak daramatza indarkeriak eragindako ondorioen inguruan lan egiten. Pasa den legealdian jarri zen martxan gaur egun lanean jarraitzen duen lantaldea. Hastapenetan bagaude ere, gure konpromiso irmoa adierazi nahi dugu hasi berri den prozesu honetan batera aritzeko. Asko dago oraindik lantzeko. Inork ez du esan erraza izango zenik. Guk, ordea, argi dugu merezi duela horren aldeko apustua egitea eta horretan jarraitzeko asmoa agertzen dugu.

Baina bakarrik ezin dugu. Zentzu horretan, herriaren prestutasuna ezinbestekoa da prozesu hau aurrera eraman ahal izateko. Dagoeneko hainbat herrikidek lehenengo urratsak eman dituzte eta berak ere hizketarako eta elkar entzuteko esparruak jorratzen ari dira. Eta gaurkoan ere hainbat herritar hurbildu zarete zuen presentziarekin babesa ematera.

Aurrerantzean pausuak ematen jarraitu beharko dugu, bakoitzak bere esparrutik, eta guk, udal ordezkariok, lanean jarraitzeko asmoa agerian uzten dugu.

Erlazionatuak

Memoriaren eguneko ekitaldia

Karkara 2015 aza 10 Orio

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!