Azaroaren 25ean emakumeenganako indarkeria ekarriko dute gogora eskoletan, "Tratu onekin dantzan" lelopean

Erabiltzailearen aurpegia Orioko Udala 2016ko aza. 24a, 14:58

Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da eta, hori dela-eta, hainbat ekitaldi egingo dira eskualdean, genero-indarkeriaren gaia gizarteratzeko.

Horrekin lotuta, eskualdeko ikastetxeetan ekimen bateratu bat egingo dute, Tratu onekin dantzan izenpean. Ikastetxe bakoitzak zinta-dantzako zutabea eta zintak prestatu ditu eta horren inguruan antolatuko dituzte hainbat jarduera. Orioko bi ikastetxeek, Zaragueta eskolak eta Herri Ikastolak, parte hartuko dute ekimen horretan eta dagoeneko ari dira gaia lantzen. Ekimena eskualdeko Berritzeguneak bultzatu du, ikastetxeen eta udalen laguntzarekin.

Leloa aukeratzeko orduan, emakumeenganako tratu txarretan zentratzeko partez, antolatzaileek nahiago izan dute tratu onetan jartzea indarra eta dantza erabiltzea elkarren arteko tratu onaren sinbolo gisa.

Zinta-dantza

Zergatik aukeratu dute zinta-dantza, genero-indarkeriaren gaia lantzeko?

  • Neskek eta mutilek batera egiten duten ekimen alaia delako.
  • Dantzak pertsonen arteko harremanak sustatzen dituelako.
  • Sozializatzen laguntzen duelako.
  • Garapen emozionala sustatzen duelako.
  • Zinta-dantzaren oinarria elkarlana delako.

Zinta-dantzak ematen duen aukera aprobetxatuz, emakumeenganako indarkeriaren gaia landuko dute eskoletan zeharka, hainbat ikasgaitan; eta, horretarako, Berritzeguneak prestatutako unitate didaktikoa baliatuko dute. Azaroaren 25ean bertan, berriz, ostiral honetan, argazki jendetsua egingo dute ikasle eta irakasleek ikastetxe bakoitzean.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!