Asteazkenean LGBTIQ-fobiaren kontrako eguna ekarriko dute gogora Udalak eta bi ikastetxeek

Erabiltzailearen aurpegia Orioko Udala 2017ko mai. 16a, 14:59

Orioko Udalak ostadarraren bandera jarriko du bihar egun osoan udaletxeko balkoian eta beste horrenbeste egingo dute Zaragueta eskolan eta Herri Ikastolan.

Maiatzaren 17an ospatzen da LGBTIQ-fobiaren kontrako nazioarteko eguna eta, hori dela-eta, gaia lantzen aritu dira azken egun hauetan herriko bi ikastetxeetan.

Ekimena eskualde mailakoa da, Urola Kostako Berritzeguneak antolatu eta koordinatu baitu, aldiro biltzen den Hezkidetza Foroaren bidez. Foro horretan parte hartzen dute eskualdeko ikastetxeek eta udalek.

Ostadarraren bandera udaletxean

Orioko Udalak ostadarraren bandera jarriko du bihar egun osoan udaletxeko balkoian eta beste horrenbeste egingo dute Zaragueta eskolan eta Herri Ikastolan. NAIZENA NAIZELA ONARTUA leloa darama banderak. Horrez gain, gaiari buruz hitz egingo dute geletan eta ahalegina egingo dute kontu hau etxeetara ere iritsi dadin. Agerraldiak ere egingo dituzte, kolektiboari babesa adierazteko.

Azken hamarkadatan aurrerapauso handia egin du gure gizarteak aniztasun afektibo-sexualari dagokionez; baina oraindik badago zertan aurreratu. Hezkuntza-sistemak eragile aktiboa izan behar du aldaketa horretan eta horregatik erabaki dute gaia lantzea, eskualdeko udalen laguntzarekin.

LGTBIQ (lesbiana, gay, transexual, bisexual, intersexual eta Queer)

LGTBIQ mugimenduaren errebindikazioei lotutako bi nazioarteko egun ospatzen dira gaur egun: maiatzaren 17a, LGTBIQ-fobiaren kontrako eguna, eta ekainaren 28a, LGTB Harrotasunaren Eguna. Hezkidetza Foroan erabaki zen bi egun horietako errebindikazioak maiatzaren 17an lantzea, egun hori delako eskoletako egutegiaren barruan geratzen dena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!