Bisiguaren Festa

Bisiguaren Festako otorduetako txartelak salgai

Karkara 2014ko eka. 20a, 08:31

Oriotarrek Bisiguaren Festako otorduetako txartelak erosi ahal izango dituzte ekainaren 27tik uztailaren 3ra bitartean

Bisiguaren Festaren zazpigarren edizioa uztailaren 17an hasi eta 20ean amaituko da. Aurreko urteetan bezala, aurten ere herriko plaza jaialdi gastronomikoaren eszenatoki bilakatu da. Bertan egingo dira festaren oinarri diren bost otorduak. Otorduen osagarri, herriko eragileekin elkarlanean ari gara egitarau herrikoi eta erakargarria antolatzeko xedez.

Urteroko legez, Orioko Udaletik Bisiguaren Festan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu, otorduetan eta bestelako ekitaldietan. Otorduetarako erreserbak egiteko epea gaur, ekainak 27, zabalduko da. Astebeteko epean, uztailaren 3ra arte, oriotarrek soilik izango duzue txartelak erosteko aukera. Erreserbak 943 83.55.65 telefono zenbakian egin behar dira, 10:00etatik 13:00ak arte eta 16:00etatik 18:00ak arte –igande arratsaldean bulegoa itxita egongo da–.

Txartelen salneurria 50 €koa izango da, aurreko urtean bezala, eta bisigua prezio erakargarrian dastatzeko aukera izango da Orioko plazako jatetxe dotorean.  Menua honako hau izango da: 

  • Antxoak gatzetan
  • Tomate entsalada hegaluzearekin
  • Zainzuriak
  • Bisigua parrilan
  • Postrea
  • Menuaren barruan edaria eta kafea sartzen dira.

Bisigua erretzen, orain arteko edizioetan bezala, Joxe Miel Zendoia –Katxina–, Luis Mari Uranga –Xixario– eta Mikel Manterola –Joxe Mari– izango dira. Orioko Udalaren izenean, eskerrik asko hiruro eta animatu Bixigu Festan parte hartzera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!