Amezti

Korapilo bat gehiago

Karkara 2015ko eka. 17a, 08:29

Amezti baserriaren berreraikuntzaren harira soka-tiran dabiltza Aiako eta Zarauzko Udala.

Batak alde batera eta besteak bestera. Batak obra egiteko lizentzia ematen du eta besteak ura izateko lizentzia ez du ematen. Batak gogor hitz egiten du eta bestea isilik geratzen da. Honela laburbildu daiteke, Gipuzkoako Aireko Kirol Federazioaren arabera, bi Udalen jarrera.

Amezti berreraikitzeko obrarako lizentzia eman zuen Aiako Udalak. Federazioaren ustetan, lizentzia horrek arauak hausten ditu, eta, ondorioz, horren aurka azaldu zen Federazioa. Amezti berreraikitzeko lanen lizentzia, esan bezala, Aiako Udalari dagokio; baina ura hara iristearen lizentzia, Zarauzko Udalari. Eta, Zarauzko Udalak lizentzia hori ez du eman.

Federazioak eragina izan du Zarauzko Udalaren erabakian. Izan ere, Federazioak Zarauzko Udalari lan horietako bidegabekeriak eta arau hausteak idatziz elarazi zizkion. Zarauzko Udalak Federaziotik maiatzaren 28an jasotako informazio-eskaerari honako erantzuna eman zion: Dakizuenez, obra hori Aiako udalerrian egiten ari da. Hortaz, Zarauzko udalak ez dauzka obra ikuskatzeko eskumenak. Edonola ere, maiatzaren 14an obrari buruzko azalpenak eskatu genizkion Aiako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. GFA Lurraldi Antolaketako Zuzendaritza nagusiak erantzun zigun jardueraren berri eman ziotela lurralde antolaketa arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailari jakinaren gainean egon zedin, eta hori, lurzoruari eta hirigintzari buruzko 2/1006 Legearen 222. artikuluak aurreikusitakoaren arabera. 

Aiako Udalaren erantzunik ez zutela jaso ere esan zien Zarauzko Udalak. Eta, Federazioak ere hori salatzen du, Aiako Udalaren isiltasuna. Izan ere, Zarauzko Udalera bidali zuen idatzi berbera Aiako Udalera ere bidali zuen, kexatuz, eta ez dute erantzunik jaso.

Zarauzko Udalaren erantzunarekin jarraituz, ur-hartunearen inguruan informazio hau eman zuten: 2010eko martxoaren 9an Zarauzko udalak lizentzia eman zuen ur hartunea egiteko Zarauzko Talaimendiko ur biltegitik Aiakoa den Amezti baserri zaharreraino. Obra hori ez zen gauzatu. 2015eko apirilaren 27an lizentzia berria eskatu zen, oraingo honetan, hartunea eramateko eraikitzen ari diren eraikin berriraino. Ur hartune horretarako udal-lizentzia eman baino lehen, eskatuko zaie egiaztatu dezatela badituztela eraikin berria egiteko beharrezko lizentziak. 

Gipuzkoako Aireko Kirol Federazioak, beste behin, Amezti berriaren berreraikuntzak beharrezko lizentzia horiek betetzen ez dituela azaldu du. Gaia Gipuzkoako Foru Aldundiraino eta Eusko Jaurlaritzara iritsi da, eta alde horretatik, pozik daude Federaziokoak. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!