Amezti

Itxituraren mugak haserreak areagotu ditu

Karkara 2015ko eka. 19a, 12:20

Ezin da Talaimendira joan Zarauztik, ezta Aiatik ere. Horrek oinezkoak eta parapentean ibiltzen direnak arduratu ditu. 

Txurrukatik Talaimendira ezin da igo itsas gainetik. Ezin da joan. Hesi bat dago aurrera jarraitzen uzten ez duena. Zarauztik ere ezin da igo, kanpinetik gora bidea itxita baitago. Amezti ingurua itxita dago, hortaz, eta itxitura hori Ameztiren jabeak jarri duela uste du Gipuzkoako Aireko Kirol Federazioak. 

Hesia jarri zutenetik oinezkoek ezin dute paraje eder horietaz gozatu, ezta parapentean ibiltzen direnek ere. Horren ondorioz hainbat kexa eta salaketa egin dituzte, baina, guztietan gogorra edo serioena, Federazioak egin du. Zarautzeko Udalean jarri du kexa, baita Aiakoan ere; baina, bigarren honek ez du erantzun garbirik eman. Idazkariak esan ziena bide horiek urte mordotan erabili gabe daudela da, besterik ez.

Zarauzkoak bai, ordea, idatziz erantzun zion Federazioari: Ekainaren 5ean Udalak Talaimendiko etxebizitza baten inguruko informazioa helarazi zizuen. Geroztik partzela horretan bertan dagoen itxiturari buruzko informazioa eskatu dizuegu. Azken eskaera horri erantzunez, zer adierazten dugu: Partzelen itxiturek Udal baimena behar dute, Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren arabera. Udalak ez du konstantziarik partzela horretan itxitura egiteko baimenik eskatu dutenik. Horregatik Udalak errekerimendua egin dio jabetzari egoera konpon dezan eta baimena eska dezan horretarako behar diren dokumentuak aurkeztuta.

                         

Zarauzko Udalak, hortaz, hesiak arauak hausten dituela esan du. Ameztiren jabeak jarritako itxiturak ezin du hor egon, bide publikoa oztopatuz. Eta, horrez gain, Kosta Administrazioak argitara eraman duen txostenean itxitura legez kanpo dagoela esan du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!