Arrauna 2015

Ibon Urbieta: “148 gazte dira harrobian. Zenbaki horietatik kalitatea ziur aterako da”

Karkara 2015ko ira. 24a, 12:51

Harrobiak etorkizunean poz ugari ekar ditzakeela sinesten du Ibon Urbietak –Orio, 1967– eta horretarako dabil lanean. Orio Arraunketa Elkarteko gazte mailako taldeen koordinatzailea da. Jubenilen entrenatzailea ere bada.

Arraunaz hitz egitean begiek dir-dir egiten diote. Begirada hutsean nabari zaio arrauna duela pasio; ezpainak ireki gabe da gai arraunak beretzat garrantzia itzela duela esateko.

Zenbateko garrantzia du harrobiak  arraunketa elkartean?

Ni orain dela bost urte hasi nintzen. Bolada batean ez zitzaion nahi bezain beste indarra eman. Hasterakoan,
zuzendaritzako kideekin hitz egin nuen eta harrobia bultzatu nahi zela argi genuen. Zuzendaritza aldatu zen, baina berriek ere hasitako bidetik jarraitu nahi zuten. Azkenaldian klubak inplikazio handia dauka harrobian.

Inplikazioaz ari garenean, diruaz ere ari gara, ezta?

Harrobia lantzea ez da soilik lan egitea. Kostu handia dauka.

Harrobia sendotzea  etorkizunera begira hartutako erabakia al da?

Helburu nagusia hori da, lehen traineruan edo arraunketa olinpikoan aritzea. Baina, nire aldetik, behintzat, ez da hori bakarrik, ehunka ume ibiliko baitira eta gutxi batzuk iritsiko baitira horra. Ailegatzen ez direnekin ez dut uste alferrikako lana egiten dugunik. Izan ere, herria arraunean dabilela sentitzen dut, beste hainbat herritan ez bezala, Orion traineruaz gain ehunka umek egiten dute arraun.

Haur guztiek ez badute goi mailako arraunlari izan nahi...

Asko ideia garbi batekin datoz. Txikitatik hor goian ikusten dute beren burua. Horretan eragin handia dute errezibimenduek.

Eta izan nahi  baina lortzen ez dutenek...

Ehunka ume pasatzen dira eta traineruan hemezortzi sartzen dira. Momentua iristean  gogorra da, baina urte luzeetan kirola egin dute eta hori aberasgarria da.  Gainera, gazte mailatan helburua irabaztea ez den arren, lorpenak betiko gelditzen dira.

Harrobian buru-belarri lan egiteaz gain, lehen traineruan harrobiko arraunlariei aukera ematea ezinbestekoa da.

Jakina. Betiko eztabaida da hori. Jende askok herritar gehiago ikusi nahi ditu traineruan. Horretarako erremedioa erraza da, harrobia ondo lantzea eta bertan duguna kanpokoa baino hobea izatea, etxekoek berme gehiago izatea.

Harrobian lan egiteak hori bermatuko al dizue?

Epe luzeko proiektua da, baina bai, noski. Ez dut esan nahi lehen egiten ez zenik, kontua da orain beste indar batekin egiten dela. Hasi nintzenean 30 gazte ziren, orain 148 dira. Zenbaki horietatik kalitatea ziur aterako dela.

Elkarte moduan zer hobeturik ba al dago?

Kontua da baliabideak mugatuak direla, esparru guztietan. Eztabaida  baliabideak ea ongi banatzen ditugun ala ez da.

Eta banaketa ongi egiten al da?

Nik uste dut oso zaila dela banaketa ondo egitea, baina, bestalde, nahikoa orekatua dela esango nuke.­­ Lehentasuna goi mailako taldea dela argi dago. Batetik, hori baita azken helburua; eta, bestetik, horrek ondo funtzionatuz gero, beste esparru guztiak lantzeko baliabideak emango baititu. Eta B taldean lana ondo eginez gero, etorkizunean baliabide gehiago lortu ahal izango ditugu.

B taldeko lanak A taldean emango ditu fruituak, eta alderantziz. Eta neskak? Berak ere lehen taldea dira.

Gertatzen dena da baliabideak ematen dituena, zoritxarrez, mutilena dela. Babesleak dituena eta  mediatikoki oihartzuna duena mutilen taldea da. Neskek baliabide propioak nabarmen gutxiago sortzen dituzte. Akaso gizartea aldatu eta parekatu egingo dira biak; baliabide berdinak sortu ahal izango dituzte. Baina egun ez da horrela. Eta mutilei bezain beste dedikatzen badiezu neskei, mutilentzat gutxiago izango da eta etorkizuneko etekinak ere txikiagoak izango dira.

Zure ustez erremedioa zein da orduan?

Baliabide batzuk neskei transferituko genizkieke,  ziurtatuz  mutilek baliabideak sortzen jarraituko dutela. Iritzi bat da nirea. Sentsibilizatuta nago egoerarekin, eta borondatea ere badago, baina guretzat neskek duten balioa ez da islatzen gizartean. Gizarteak asko mugatzen du.

Harrobian ere desberdintasun hori egiten al da?

Berdin-berdin tratatzen dira bai neskak eta bai mutilak. Ez da diskriminaziorik egiten. Gaztetan, bi taldeentzat ontzi bakarra badago, meritu gehiago nork egin dituen ikusten da.

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!