Arrauna 2015

Asier Puertas: "Denok hartu dugu parte eta horrek freskotasuna eman digu"

Karkara 2015ko ira. 25a, 07:54

Hamabi urte daramatza Hondarribian Asier Puertasek –Orio, 1975–, eta, printzipioz, beste urte betez jarraituko du Ama Guadalupekoan.

2003an jantzi zen lehen aldiz berdez. Orduan egin zuen lehen aldiz arraun Ama Guadalupekoan. Azken paladak emango zituela erabaki eta gero, urte gozoak etorri zaizkio, bi aldiz jarraian irabazi baitu San Miguel Liga. Oraingoz, ez du estropua askatzea pentsatzen. Datorren denboraldian ere Hondarribian arituko da arraunean.

Zorionak, Asier.

Eskerrik asko.

Mikel Orbañanosek aipatu digu lan egiteko metodologiak ekarri dituela, besteak beste, fruituak.

Berarekin urte pila bat daramatzagu. Lan egiteko era bat daukagu, urtero errepikatu duguna, eta urteroko lan-sistema horrek ia beti eman dizkigu emaitzak. Emaitza onak izan ez ditugunean ere era horretara egin dugu lan, kontua da aurten emaitza onak izan ditugula, eta, badirudi, sekreturen bat dagoela horren atzean. Ez da horrela, beti egin izan dugun lana egin dugu, baina urteen poderioz lortu dugu arraunlari gazteak punta-puntan egotea eta gazteak nahiz beteranoak nahastuz talde oso egokia osatzea. Hori da azkenean emaitzak ematen dituena.

Traineruko gazte eta beterano asko etxekoak dira, harrobikoak.

Bertako jende asko dago eta oso jende ona, gainera, urtez urte goraka datorrena. Hori gaztetatik Hondarribian lan ona egin delako gertatzen da. Horrela jasotzen dira emaitzak, pazientzia edukita eta lan ona eginda.

Emaitzak izatea kontu bat da eta hemeretzitik hamahiru irabaztea beste kontu bat...

Ez genuen espero,ez. Iaz liga irabazi genuen eta taldea mantenduta emaitza onak izango genituela pentsatzen genuen. Hori bai, horrenbeste estropada irabazteko, zu ondo ibiltzeaz gain, dena ondo atera behar zaizu, zortea behar duzu. Aurten aldeko izan dugu zortea.

Talde zabala izan gara, denok hartu dugu parte, eta horrek freskotasuna eman digu.

Arraunlari guztiek traineruan tokia duzuela jakiteak motibatu egingo zaituzte, ezta?

Hori guretzat oso garrantzitsua da. Finean, ez dago bat titularra eta bat ordezkoa. Denok jokatu dugu eta denok irabazi ditugu banderak. Denok gara garaipen honen parte.

Pasa den igandean ospatu zenuten irabazitako koroa.

Izugarrizko harrera egin zigun herriak. Hasieran autoritateek egin ziguten harrera; gero, kofradiara joan ginen. Han herriko jendearekin bildu ginen eta kalejira modukoa egin genuen, bandera astindu genuen, Koroa paseatu...

Egun berezia izan zen ezta?

Jendea oso gustura zegoen. Udara horrelakoa izanda, jendea oso pozik zegoen.

Zuen emaitzak ikusita, herriak ere erantzun ona eman dizue, beraz.

Jendea oso eskertua dago, bai.

Mikel Orbañanosek Hondarribiarekin berritu du kontratua. Berri pozgarria izango zen zuretzat.

Albiste ona izan da, bai. Orain arte egiten ari garen lanari jarraipena emate da. Guztiok oso gustura gaude berarekin, nola arraunlariak, hala zuzendaritza taldekoak. Dudarik gabe, berri oso ona izan da.

Eta zuk, Hondarribian jarraitzeko asmoa daukazu?

Oraingoz lasaitasun pixka bat nahi dut. Eta bai, printzipioz, osasunak laguntzen badu, beste urte betez jarraitzea pentsatzen dut.

Zure erabakian eragina izan du Orbañanosek jarraitzeak?

Beti da lagungarria. Dena den, bakoitzak norbere erabakiak hartzeko adina daukagu; baina bai, beti da lagungarria.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!