Udalbatzarrak 2015-2019

Gai guztiak aho batez onartu ziren

Karkara 2016ko eka. 27a, 20:34

Lau gaiko ez-ohiko bilkura izan zen astelehenean, 18:00etan. Inongo gorabeherarik gabe, aho batez onartu ziren gai guztiak.

Lehenik eta behin udalaren 2015 urteko aurrekontuaren kontu nagusia onartu zen. Aurretik onartu bazuten ere, legeak hala eskatuta, hamabost eguneko epean jendaurrean egon beharra zeukan. Ekainaren 17an bukatu zuen jendaurrean egoteko epea eta alegaziorik jaso ez zuenez, ez-ohiko bilkuran onartu dute behin betikoz. 

Tasak hasieran planteatu bezala

Azken udalbatzarrean izaera urbanoko ondasun higiezinen gaineko zergari aplikagarri zaizkion karga-tasetan aldaketa bat egitea proposatu zuen EH Bilduk. Guztiek onartu zuen proposamena, baina berriz ere mahai gainean jarri dute gaia, proposatutako %15eko beherapenarekin karga-tasa 0,17204ean gelditzen zelako eta horrek 1.400 euro gutxiago biltzea zekarren.

Eragin hori ikusita, gaia batzordera eman zen. Eta batzordean karga-tasa 2015eko kopuru berdinean uztea erabaki zen. %15a gutxitu beharrean %10a gutxitzea erabaki zen.

Industria eta erabilpen tertziarioena ere orain arteko kopuruetan mantenduko litzateke. 49.581,93 euro bilduko lirateke honela.

Zarata mapa behin betikoz onartu da

Orioko Udalak herriko zarata-mapa egin du 2015. urtearen bukaeran, eta udalbatzarrak 2016ko apirilaren 5ean eman dio lehen onarpena. Asteleheneko udalbatzarrean behin betikoz onartu zen. 

Zarata-mailari dagokionez herriko egoera zein den azaltzen du zarata-mapak, legeak markatzen dituen parametroetan. Europako araudiak zehazten du nola neurtu behar den kutsadura akustikoa eta zein neurri zuzentzaile aplikatu behar diren kutsadura horri aurre egiteko.

Berez, 10.000 biztanletik gorako herriak daude legez behartuta zarata-mapa egitera; baina Orioko Udalak egin egin du, Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntza bat baliatuta.

Zaraguetari urtean 45.000 euro emango dizkio Udalak

Orioko Udalaren eta Zaragueta Herri Eskolako guraso batzordearen arteko lankidetza-hitzarmena onartu zen ondoren eta alkateari hitzarmena sinatzeko ahalmena eman zitzaion. Hitzarmenak dioenez, laburbilduta, Zaragueta Herri Eskolako guraso batzordearen jarduera eta proiektuak Udalak diru laguntza bidez finantzatzeko baldintzak zehaztuko dituzte. 

Ohiko hezkuntza jarduerak eta arautu gabeko jarduerak dira Udalak finantzatuko dituenak. Diru laguntza jasoko dituzten jarduerak ere zehatz meatz zerrendatuta daude hitzarmenean: guraso batzordeak egindako hezkuntza jarduera, batzordeak Orioko herrian egindako hezkuntza, kultura, ingurmen, kirol eta gizarte alorreko jarduerak; hezkuntza zabaltzeko jarduerak, euskararen erabilera sustatzeko jarduera edo programak; hezkuntza garapen komunitarioko programak eta aisialdirako hezkuntza programak; garapen iraunkorrarekin lotutako Zaraguetak egindako eskola programak; balioa, heziketa eta errespetua sustatzeko jarduera edo programak; ohitura osasungarriak sustatzeko ekimenak; diru laguntza jaso dezaketen kirol jarduerak, jarduera horiek foru aldundiak ezarritako irizpideak bete beharko dituzte; herriko eskola komunitatearen bizikidetzan hobekuntzak ekar dezaketen jarduerak; herriko beste eragileek ikastetxean egindako jarduerak, horiek ikastetxeari gastua suposatzen badie eta gastu horietarako ez badago aurreikusita beste erakunderen baten laguntza; irakaskuntzaren kalitatea sustatu eta eskola kudeaketa hobetzeko proiektuak; irakaskuntzarako jarduera eta proiektu berritzaileak; udalerrian euskararen erabilera sustatzeko jarduerak; udalarekin elkarlanean antolatutako hainbat programa.

Udalak ez dio Zaragueta Herri Eskolako guraso batzordea hitzarmen honetan adostuta ez dagoen laguntza ekonomikorik emango. Arau orokor horrek bi salbuespen izango ditu: herriko festetan batzordeak antolatutako jarduerak edo udalak berak proposatutako jarduerak, batzordean hala adostu bada.

Hitzarmenetik kanpo gelditzen dira jarduera normalak gauzatzeko behar diren inbertsioak. Inbertsioak ez-ohikoak diren ala ez adostea jarraipen batzordearen zeregina izango da. Jarraipen batzordea alderdi bakoitzeko hezkuntza batzordeko kideak eta guraso batzordeko beste horrenbeste lagunek osatuko dute.

Eta, hori guztia, urteko 45.000 eurorekin egingo da. Diru kopuru hori EAEko aurreko urteko IKParen arabera berrituko da. Irailaren 1ean jarriko da martxan hitzarmena eta indarrean egongo da 2020 abuztuaren 31ra arte.

Bi eskari EH Bildutik

Gotzon Igoak hartu du hitza udalbatzarreko lau puntuak bozkatu ostean. EH Bilduk LGTBI egunaren harira Aniztasun sexualaren aldeko adierazpena egin zuela aipatu du eta hori beste aldierdiei emailez pasa ziela, udalbatzarrean onartzeko. Baina, EAJk ez zuen email hori irakurri, Joxe Anjel Zalduari bidali baitzion eta berak aitortu bezala, teknologiekin ez naiz ondo moldatzen, emailarekin ere ez. Beraz, ez zuten irakurri EH Bilduren idatzia.
 
Udalbatzarrean bertan aipatu zutenez gainerako alderdiak irakurri zuten eta ados zeuden idatziak zioenarekin. Hortaz, EAJko kideei testua eman zieten, irakurri eta onartu zezaten. Atzo, Nazioarteko LGTBI kolektiboaren egunean, argitara eraman zuten testu hori.
 
Ondoren, azkenengo udalbatzarrean eskatutako eskatu dio, berriz ere, Emeterio Iribarrek alkateari. Ez-ohiko bilkurak izan arren, galdera eta eskarientzat tartea egiteko eskatu zion. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!