Why not: "Gaztetxeak Euskal Herriko musika sarean ezinbestekoak dira"

Karkara 2016ko aza. 4a, 14:23

Lehen aldiz igoko dira oholtzara azaroaren 5ean, skate parkearen inaugurazioan. Orain arte entseguak egiten ibili dira, baina baita skate parkean lanean ere. Horregatik, berezia izango da larunbateko zita Why not taldekoentzat. 

Herrian bertan joko duzue, Gaztetxean. Berezia al da zuentzat skate parkaren inaugurazioan jotzea?

Bai. Hainbat arrazoiengatik da guretzat berezia. Gure lehen aldia da talde moduan jendaurrean jotzen dugula; gainera, etxean jotzen dugu, gure lagunen aurrean; eta, horrez gain, gaztetxeko skate park berriaren inaugurazioa da. Gu ere skate parkea egiten laguntzen ibili gara eta inauguratzeak ilusioa egiten digu.

Herrian idarra hartzen ari da gaztetxea. Euskal Herriko musika sarean gaztetxeen ezinbestekoak iruditzen al zaizkizue?

Gaztetxea indarra hartzen ari da eta hori pozgarria da! Gaztetxeak Euskal Herriko musika sarean ere ezinbestekoak direla uste dugu, musika talde txikientzak aukera ona baitira kontzertua antolatu eta berek egiten dakitena jendeaurrean erakusteko.

Musikarentzat ez ezik, komunitatea egiteko ere garrantzitsua da askorentzat gaztetxea. Zuentzat ere bai?

Bai, oso garrantzitsua da. Musikaz gain beste hainbat gauza antolatu eta egiten dira gaztetxean. Sormena lantzeko eta ondo pasatzeko toki aproposa da eta adin ezberdineko jendearekin harremana egiten laguntzen du.

Parrazta taldea izango duzue oholtza lagun...

Zoragarria da hori! Berak ezagutzen ditugu, lagunak dira! Gure gitarristetako baten beste taldea ere bada eta lehenengo kontzertua lagunen artean jotzeak asko laguntzen du.

Gogotsu orduan, ezta?

Bai! Taldeko lau partaideak gogotsu gaude, bi hilabetez egon gara ensaiatzen eta jendaurrean jotzeko gogo handia daukagu. Gainera, Orion aspaldian ez da herrian sortutako musikarik entzun eta herrian musikaren grina piztu nahi dugu !

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!