Garikoitz Garagarza: "Bereziena izan da, aita eta biok lehen aldiz elkarrekin egin baitugu"

Karkara 2016ko aza. 14a, 14:11

Bosgarrenez egin du Behobia-Donostia lasterketa Garikoitz Garagarzak, Orioko kiroldegiko langileak. Aurtengoa bereziena izan dela aitortu du, aitarekin batera egin baitu.

Atzo bosgarren Behobia egin zenuen... Nola joan zen lasterketa?

Oso gustora sentitu nintzen, nire aitarekin batera egin bainuen. Erritmo lasaian egin genuen, ibilbideaz disfrutatzen joan ginen. Nire bosgarrena eta aitaren hogeita seigarrena izan dela kontutan hartuta, argi dago etxean beti izan dela lasterketa berezia; baina, aurtengoa, bereziena izan da, aita eta biok lehen aldiz elkarrekin egin baitugu.

Denborari kasurik ez zeniola egin ere aipatu duzu, horri ez diozula garrantziarik eman. Gutxik egingo dute hori...

Aurtengoa berezia izan da. Ez nuke esango hobea denik. Bakoitzak bere helburuak eta motibazioak dauzka, eta guztiak dira errespetagarriak helburua gozatzea bada! Bakoitzak bere neurrian edo bere erara, baina gozatzea!

Entrenatu, ordea, denbora erreparatuz egin al duzu? Noiz hasi zinen Behobia-Donostia prestatzen?

Ohi baino gutxiago entrenatu dut, helburu bakarra gustura egitea eta helmugara iristea baitzen. Abuztuan hasi nintzen entrenatzen, baina irailean gutxitan atera nintzen korrika egitera. Normalean baino kilometro gutxiago egin ditut. Baina, hala ere, merezi izan du! 

Aitarekin batera entrenatu duzu ala bakoitzak zuen kaxara egin duzue?

Aita Irunen bizi denez, ezin izan dugu elkarrekin entrenatu. Bakoitza bere kaxara aritu da.
 
Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!