Gizonezkoen KAE 1 liga eta Emakumezkoen Gipuzkoako Traineruen Liga hasiko dira asteburuan

Karkara 2017ko eka. 15a, 18:01
Orioko emakumezkoen trainerua Lekeitioko estropadan. (IƱaki Suarez Calleja)

Orioko emakumezkoen traineruak Gipuzkoako Traineru Txapelketako estropada jokatuko du larunbatean, Deustun. Gizonezkoen bigarren traineruak KAE 1 ligako lehen norgahiagoka izango du igandean, Santurtzin.

KAE 1 ligakoek igandean dute denboraldiko lehen estropada, Santuntzin (Bizkaia), 12:00etan; Santurtziko XXXVIII. Ikurrina- Mahala Sari Nagusia jokatuko dute. Eskualdeko gizonezkoen lau traineruk parte hartuko dute liga horretan: Getariak, Oriok, Zarautzek eta Zumaiak, hain zuzen ere. Horrek saltsa berezia emango dio arrauneko sasoiari. Urola Kostako traineruek Arkote, Deustua-Bilbao, Donostiarra, Hondarribia, Isuntza, Itsasoko Ama, Pedreña eta Portugalete traineruak izango dituzte aurkari.

Denboraldi honetan ere, Iñaki Errastik gidatzen du Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen bigarren trainerua, Jon Salsamendiren laguntzarekin. KAE 1 ligan lan txukuna egin nahi dute, argi dute, ordea, helburu nagusia arraunlari gazteak traineruan trebatzea eta lehiakortasuna lortzea dutela. Bi traineru dituen edozein taldetan, bigarrenaren helburua jubeniletatik seniorretara pasatzen diren arraunlariak goi mailarako prestatzea izaten da, azaldu du Salsamendik.
Aurten, ordea, Orio Arraunketa Elkarteak zailtasunak izan ditu bigarren ontzia osatzeko. Uda guztian zehar uretara aterako den ontzia osatzeko 16-18 arraunlari behar izaten dira, eta aurten kostatu egin zaigu hemezortzi gazte aurkitzea. Horregatik, denboraldi honetarako bigarren trainerua gaztez eta beteranoz osatu dugu.
Negu eta udaberri partean batera entrenatu dute Orioko seniorretako gizonezko arraunlari denek, eta lehiaketari begira, ontzi bakoitzak bere bidea hartu du azken asteetan. Dena dela, gustura daude bigarren taldeko arraunlariak eta prestatzaileak, sasoi-aurrekoan Mutrikuko bandera irabazi zuelako Orio Bk.

 

Oriok onenekin lehian aritu nahi du sasoi berrian

Emakumezkoen traineruek larunbatean abiatuko dute Gipuzkoako Emakumezkoen Traineru Liga, 11:30ean Deustuan, II. Emakumeen Bilboko Bandera jokatuz. Hamar traineru izango dira lehiatuko dutenak: Orio, Pasai Donibane Koxtape, Hibaika, Hernani, Arraun Lagunak, Kaiarriba-Donostiarra, Deustua, Portugalete, Lea Artibai eta Castreña.
EuskoTren liga jokatzeko sailkatzen diren taldeek, berriz, bi txapelketak uztartuko dituzte denboraldian zehar. Uztailaren 8an eta 9an hasiko dute emakumeen traineruek Euskotren Liga, Orioko eta Donostiako sailkatze estropadekin.
Sentipen onekin hasiko du denboraldia liga Orioko traineruak. Ez da gutxiagorako, hilaren 11n, sasoi-aurrekoan bete-betean zeudenean, Lekeitioko Bandera irabazi zuten. Hibaikaren aurretik sartu ziren helmugara, bandera eskuratuz.
Aurreko denboraldiarekin alderatuta, Santi Zabaletak entrenatzen duen taldean hainbat aldaketa egon dira; dena den, arraunlariak gogotsu eta indartsu daudela azaldu du Zabaletak. Aurreko denboraldiko taldetik bost baja ditugu, eta beste hainbeste arraunlari berri gehitu zaizkigu taldera. Berri gehienak aurretik traineruan esperientzia dutenak dira. Horiez gain, badugu aurten jubeniletatik igo den arraunlari gazte bat ere.

Behetik gorako bilakaera
Iaz egindako bideari jarraitu nahi dio entrenatzaileak. Nire lehen helburua taldea goi mailan jokatzeko trebatzea izan da. Badakit aurkariak, batez ere San Juan eta Hibaika, oso indartsu daudela. Dena dela, onenekin lehian aritu nahi du udan. «Iaz maila polita eman genuen eta bide horretan jarraitu nahi dut».

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!