Nadeth Agirre: "Bigarren postua lortzea garrantzitsua izan da guretzat"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2017ko eka. 26a, 15:45
Nadeth Agirre Orioko emakumezkoen traineruko patroia. Artxiboko argazkia.

Bi estropada jokatu ditu Orioko emakumezkoen traineruak asteburuan. Larunbatean hirugarren postuan sailkatu ziren oriotarrak Pasai Donibanen, eta igandean bigarrenak izan ziren Portugaleten.

Bi estropada jokatu ditu Orioko emakumezkoen traineruak asteburuan, eta Nadeth Agirre patroiak denboraldiko lehen txanpan izan dituzten sentipenak izan ditu hizpide, Eusko Tren Ligako sailkapen estropaden atarian.
 
NADETH AGIRRE - Orioko emakumezkoen traineruko patroia
 
Zer moduz ikusi duzu taldea asteburuko estropadetan?
Estropaden denboraldian murgildu gara, eta astebururo larunbatez eta igandez izango ditugu estropadak hemendik aurrera. Gustura gaude taldekide guztiek izan baitute asteburuan jokatzeko aukera. Ligako lehen estropada Bilbon izan genuen, eta emaitza kaskarra izan zen. Hala ere, horri buelta ematera atera gara uretara pasa den asteburuan, eta gustura gaude lortutako emaitzekin.
 
Eusko Tren Ligari begira, bigarren postua garrantzitsua al da taldearentzat?
Larunbatean Hibaika gertu izan genuen, eta igandean hari aurrea hartu eta bigarren postuan sailkatzea lortu genuen. Denbora daramagu hirugarren postuan kokatuta, eta bigarren postu hori lortzea garrantzitsua izan da guretzat.
 
Arraunlari berriak dituzue taldean. Indartsu al dago taldea?
Iaztik hainbat aldaketa izan ditugu, baina Santi Zabaleta entrenatzaileak asko landu du teknika eta blokea negu-udaberri partean. Nire ustez garrantzitsua da estropadetan denok jokatzeko aukera izatea. Izan ere, udan estropada asko ditugu, eta arraunlari batzuekin edo besteekin jokatuta, emaitzetan desberdintasun nabarmenik ez izatea da helburua. Horretarako, denok ibili behar dugu traineruan, gure maila onena emateko; denok estropadak jokatzeko aukera badugu, taldea egonkorragoa eta indartsuagoa izango da.
 
Zein helburu markatu dituzue aurtengo denboraldiari begira?
Eusko Tren Ligara sailkatzea dugu helburu nagusia. Horrez gain, iaz eman genuen maila hobetzea gustatuko litzaiguke. Badakigu San Juan koska bat gorago dagoela, baina berak huts egiteren bat egiten duenean guk hor egon nahi dugu, bandera irabazteko norgehiagokan. Hibaikaren eta gure artean, berriz, lehia estua dago. Bigarren postu hori nahi dugu, eta horretarako ahalegin berezia egingo dugu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!