‘Dispertsioff’ herri ekimena izango da asteburuan

Karkara 2017ko aza. 14a, 15:08

Dispertsio politika salatu eta presoen eskubideen aldeko aldarria gizarteratzea. Horixe du helburu Dispertsioff larunbatean hirugarrenez egingo den presoen aldeko herri ekimenak.

Gregorio Escudero eta Patxi Uranga preso oriotarren eta senideen egoera kaleratu nahian hasi ziren ekimena antolatzen. Lehenengo urtean kontzertuak soilik antolatu zituzten, baina urtez urte haziz doa Dispertsoff ekimenaren egitaraua. Aurreko edizioetan ekimenak "festa kutsua" zuela dio Beñat Morales antolatzaileak, baina presoen eskubideen aldeko eta dispertsioaren aurkako afera gizartearatzen jarri dituzte indarrak aurtengoan.

Urtarrilean jaio zen Valentzian preso dauden Olatz Lasagabasterren eta Patxi Urangaren alaba Xua. Gai horri heldu nahi diote, eta herriko gurasoengan eragin nahi dute. Patxi Urangak alaba ikusteko izan dituen zailtasunak eta Xuak gainontzeko haurrekin harremantzeko dituen oztopoak  plazaratu nahi dituzte. Xua "barrote artean" jaio izana ere salatu nahi dute ekimenaren bitartez. Herritarrengana iristen ari direla uste du Moralesek, "pauso txikitan" bada ere. 

Dispertsioak oriotarrengan eragin handia dutela uste dute antolatzaileek. Izan ere, Gregorio Escudero 600 kilometrotara dute; eta, antolatzaileen hitzetan, asko dira senideek jasan beharreko ondorioak: "Gastu ekonomiko altuei aurre egin behar izaten diete, bidaia luzeak egiten dituzte hilabetero senideak bisitatzeko, eta horrek guztiak zure bizia arriskuan jartzea dakar". Hori guztiari Xuaren egoera ere gehitu behar zaiola azaldu dute, Patxi Urangaren kasuan.

Egungo egoera politikoa medio, presoen afera "lausotua" dagoela uste du Moralesek. Datozen urteetan esku artean "erronka potoloa" dutela uste du, haren hitzetan, politikaren lehen lerroan jarri behar baitituzte presoak eta senideek pairatzen duten dispertsioa. Lortuko dutela uste du: "Espainian egoera bestelakoa da, baina Euskal Herrian hori lortuko dugula espero dut. Euskal Herrian horren alde egin eta instituzioak eta gizarte zibila inplikatzen baditugu, gaitzerdi".

Abenduaren 9an Parisen egingo den mobilizaziora eta urtarrilean Bilboko kaleak hartzen dituen manifestaziora joateko deialdia luzatu nahi dute, eta herritarrak Bilbora joateko antolatuko dituzten autobusetan izena ematera gonbidatu nahi dituzte.

Herri ekimena antolatzen duten azken urtea izatea gustatuko litzaiekeela dio Moralesek. Hala ere, datozen urteetan ekimena antolatzen jarraitu beharko dutela uste dute antolatzaileek: "Hau guztiaren atzean erabaki politikoak daudela uste dugu, eta Espainiako gobernuak berdin jarraitzen du. Beraz, preso  guztiei laguntzen eta bizi duten egoera islatzen saiatzen jarraituko dugu kalean".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!