Trafiko etenak izango dira bihar Bidasoako Itzuliaren etapa dela eta

Karkara 2018ko mai. 10a, 10:06

Aurtengo Bidasoko Itzuliak 46. edizioa du eta bihar, maiatzak 11, Orion hasi eta bukatuko da 3. etapa. Trafiko etenak eta aparkatzeko debekuak izango direla jakinarazi du udalak.


Orioko Udalak jakinarazitakoaren arabera, herriko trafikoan eragina izango du txirrindularitzako probak. 08:00etatik kirol proba amaitu bitartean (17:40 inguruan iritsiko dira aurreneko txirrindulariak helmugara), Txanka eta hondartzako errepidea erabili beharko da herritik ateratzeko.

Helmuga Orioko Arrantzale kalean izanik, txirrindulariak Txanka eta hondartza bidetik iritsiko dira autopista ondoko biribilgunera, eta handik zuzenean joko dute Arrantzale kaleko helmugara. Helmugaratzerakoan probako autoak Baxoalde, Palota eta Balea kaleetako errepideetatik desbideratuko dituzte lasterketaren antolatzaileek.

Horrez gain, herriko hainbat kaletan aparkatzeko debekua ezarriko dute bihar. Herritarrek ezin izango dute autoa utzi Arrantzale kalean eta Abeslari kalean egun osoan zehar. Herriko Plazako aparkalekuetan eta Aritzaga kalekoetan, aldiz, lasterketa irteterakoan izango du eragina errepide mozketak.  Normalean kale horietan aparkatzen dutenek Mendibeltz futbol zelaiaren ondoko aparkalekuan edo autopista azpikoan aparkatzeko aukera izango dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!