Traineru denboraldia 2018

Asteburu luzea izango dute Orio Arraun Elkarteko estropalariek eta arduradunek

Karkara 2018ko uzt. 5a, 09:31

Gaurtik igandera bitartean, Sevillan izango dira elkarteko estropalari gazteak, aulki mugikorreko Espainiako txapelketa jokatzen. Seniorren bi traineruek Galiziara bidaiatuko dute bihar. Gizonezkoen bigarren txalupa Donostian eta Mutrikun lehiatuko da, KAE-2 ligako estropadetan.

Gaurtik igandera bitartean, errepidean orduak pasatzea tokatuko zaie Orio Arraun Elkarteko ordezkariei eta arraunlariei. Datorren asteburu hau da antolaketa eta baliabide aldetik konplexuena elkartearentzat; batetik, mugiarazi behar duten ontzi eta estropalari kopuruagatik, eta bestetik, estropada lekuen iristeko egin beharreko bidaia luzeengatik.

Elkarteko infantil eta kadeteak Sevillan izango dira Espainiako aulki mugikorrek txapelketa jokatzen. Gaur goizean abiatu da Andaluzia aldera 70 lagun inguruko taldea. Iragarri dutenez, 17 eta 39 gradu bitarteko tenperaturak espero dituzte.

Bihar, seniorren bi traineruk Galiziarako bidea hartuko dute, Euskotren eta Euskolabel ligetako estropadak jokatzeko. Goizeko seiak aldean ekingo dio bidaiari 40 lagunetik gorako espedizioak. Bestalde, gizonezkoen bigarren txalupa Mutrikun eta Donostian lehiatuko da, larunbatean eta igandean, KAE-2 ligako estropadetan.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!