Goraino bete da plaza Orioko ontziaren estreinako garaipena ospatzeko

Karkara 2019ko eka. 30a, 21:12

Oriok atzo irabazi zuen bere historiako lehen bandera Euskotren ligan, Santanderren. Gaur goraino bete dute plaza herritarrek, arraunlariak txalotu eta estreinako garaipena ospatzeko.

Atzo historia egin zuten Orioko arraunlariek: emakumezkoen Euskotren ligako bandera bat ekarri zuten etxera, aurrenekoz. Santanderreko uretan nagusitu ziren, denboraldiko lehen jardunaldian. Beraz, bikain hasi du sasoia Orioko ontziak.

Gaur iluntzean merezitako errezibimendua egin diete herritarrek arraunlariei. Plaza goraino bete dute, estreinako garaipena txalotzeko eta ospatzeko. Jendaurrean bandera astindu ostean, Orioko udaletxeko balkoian kokatu dute.

Gaur ere jokatu dute estropada Euskotren ligako taldeek, Lekeition. Donostia Arraun gailendu da oraingoan, eta bigarren egin du Oriok. Hala, une honetan 7 puntura berdinduta daude bi ontziak. Datorren asteburuan bi jardunaldi izango dituzte, Galizian. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!