Udalbatzak aho batez onartu du 'Xua Gurasoekin Etxera' plataformaren mozioa

Karkara 2019ko aza. 2a, 11:59

Orioko udalak "beharrezko neurriak" eskatuko ditu, Xuaren eta bere gurasoen arteko "harremana, zaintza eta gertutasuna ahal bezainbeste bermatzeko, legedia kontuan hartuz".

Patxi Uranga oriotarra Picassenteko espetxean dago egun, Olatz Lasagabaster usurbildarrarekin eta bien alaba Xuarekin batera. Ekainean bete zituzten hamar urte preso gurasoek, eta zigorraren hiru laurdenak beteta dituztenez, "Espainiako legedia arruntaren arabera, libre behar lukete", Xua Gurasoekin Etxera plataformako kideen arabera. Hain zuzen, ekainean aurkeztu zuten ekimena.

Xuak datorren urtarrilean 3 urte beteko dituenez, Euskal Herrira ekarriko dute. Atzoko udalbatzarrean aho batez onartutako mozioaren arabera, dagokien autoritateei eskatuko die Orioko udalak beharrezko neurriak har ditzatela, "legedia kontuan hartuz ahal bezainbeste bermatzeko adin txikikoaren eta gurasoen arteko harremana, zaintza eta gertutasuna". Udaleko mozioaz gain, 3.000 herritarrek sinatu dute eskaera testua, eta Usurbilgo udalean ere mozio bera onartu dute, aho batez. Xua Gurasoekin Etxera plataformakoak "oso gustura" agertu dira aho batez onartu dutelako mozioa, eta udalbatzarrean eskerrak eman zizkieten udal talde guztiei.

 

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!