Gipuzkoako ‘SUP race’ txapelketa egingo da larunbatean Orion

Iñigo Gaiton 2020ko ira. 30a, 10:38
Iazko parte hartzaile batzuk Orioko moilaren parean, ibaian gora

Ibaian jokatuko diren estropadez gain, arraun surf inklusiboa, merkatua eta kontzertuak ere izango dira.

Arraun surfeko txapelketa egingo da Orioko errioan, larunbatean, Gipuzkoako Surf Federazioak antolatuta. Lehiakideak ibaian gora eta behera ibiliko dira, nor baino nor, taula luze eta arraunekin estropadak egiten. Hala adierazi zuten antolatzaileek lehengo astean, Donostiako Kutxa Kultur Plazan udazkeneko programaren berri emateko egindako agerraldian.

Datozen asteetarako antolatu dituzten txapelketen inguruko xehetasunak emateaz gain, FederArte Surfing Kultura jaialdiaren nondik norakoak ere azaldu zituzten GSFko ordezkariek. Maialen Saez presidentearen hitzetan, aurkeztutako ekimen guztiek helburu nagusi bera dute: "Kirola sustatzea, berdintasunaren, inklusioaren, ingurumenaren zaintzaren eta kulturaren aldeko balioen transmisioaren bidez".

Arraun surfa Orion
Saezek esker oneko hitzak izan zituen Orioko Udalarentzat hitza hartu orduko: «Hirugarren edizioa izango da aurtengoa, eta udalak beti lagundu digu. Denen artean, hau da lehiaketarik gazteena, baina lehiakide gehien biltzen dituena ere bada».

Osasun krisiak hala behartuta, aurten Arraunetxen egingo dituzte eguneko ekimen guztiak: arraun surf txapelketa, azoka eta kontzertuak. Itsasgora arratsalde partean izango denez, 14:00etan hasiko dute jardunaldia, arraun surf egokituarekin  eta Emakumea Surflarik emango dituen SUP eskolekin. «Parte hartu nahi dutenek, momentuan eman beharko dute izena, 15:30ean, Arraunetxen bertan», zehaztu zuen presidenteak.

Orioko Udaleko Jose Angel Iparragirre zinegotziaren iritziz, ekimena "garrantzitsua" da herriarentzat, itsasadarrak eskaintzen dituen aukerak ezagutarazten laguntzen duelako. "Arraunaz haratago, ibaia erreferentea da SUP modalitatean, eta potentzial handia du".

Sari banaketaren ondoren, kontzertuak izango dira Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituaren eskutik: Vodoo Charms, Lemy River eta Convoi taldeenak, hain zuzen ere. 

Saez presidenteak nabarmendu duenez, hala txapelketan nola kontzertuetan zorrotz beteko da udalarekin batera diseinatu duten kontingentzia plana.

Egitaraua

. 14:00 - SUP egokitua
. 15:30 -  Inskripzioak
. 15:30 - Check in
. 15:30 - FederArte MARKET
. 16:00 - Emakumea Surflari
. 16:15 - Briefing
. 16:45 - SUP race lasterketa
. 18:00 - Sari banaketa
. 18:30 - Kontzertuak: Voodo Charms, Lemy Ruver, Convoi

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!